Berrizko Udalak eraso matxista gaitzetsi eta mobilizazioetan parte hartzera deitu du

Anboto 2021ko eka. 13a, 12:55

Berrizko Udalak duela bi egun gertatutako eraso matxista salatu du udalbatzako alderdi politiko guztien izenean. Elkartasuna adierazi diote biktimari eta bat egin dute mugimendu feministak antolatutako mobilizazioekin. 

Berrizko Udalak “irmotasunez” gaitzetsi du duela bi egun herritar batek bere bikotekidearen kontra egindako eraso matxista. Indarkeria matxistak “emakumeen duintasunari, osotasun fisikoari eta moralari” eraso egiten diola adierazi du Udalak, eta, gaineratu du biktimari “elkartasun osoa” erakutsi gura diola. Alde horretatik, indarkeria matxistaren aurka beharrean jarraitzeko eta biktimari laguntza eskaintzeko konpromisoa hartu du Udalak.

Oharrean adierazi dutenez, Udalak mugimendu feministak antolatzekoak dituen mobilizazioetan parte hartzera deitu ditu herritarrak. Bihar, astelehena, protesta egingo dute Urtiaga plazan. Kontzentrazioa 20:00etan izango da, “Emakumeen kontrako indarkeriari ez! Aski da!” lemapean.  

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!