Berrizko 100 boluntario inguruk maskarak eta aurpegirako pantailak sortzeari ekingo diote

Ekaitz Herrera 2020ko mai. 5a, 11:00

Elkartasun tonbolako kideena izan da ideia, eta boluntarioek Berrizko Udalaren laguntzagaz koordinatuta ekingo diote lanari. Hurrengo astean zehar materiala ekoiztuko dute, gero, herritarren artean banatzeko. 50 boluntarioko bi talde osatu dituzte.

Bi neurritako maskarak sortuko dituzte: umeentzako eta helduentzako. Aurpegirako babes pantaila, aldiz, tamaina bakarrekoa izango da. Berrizko Udalak azaldu duenez, maskara berrerabilgarriak izango dira. "TNTa (ehuna ez den ehuna) erabiliz egingo dira. Maskarak prestatzeko gomendatutako materiala da, eta AITEX Ehungintza Industriaren Ikerketa Elkarteak egindako saiakuntzak ditu", azaldu du udalak. "Une honetan laginak prestatzen ari dira eta materialaren zati bat jasotzeko zain daude. Pantailei dagokienez, laginak egin dira jada boluntario batzuekin, eta material sortak prest daude boluntario taldean banatzeko".

Berriztarren etxeetara, kartazal bidez

Maskarak eta pantailak prest daudenean, boluntario taldeko kideek herritarren artean banatuko dituzte. Kartazaletan sartuta bananduko dituzte apurka-apurka etxeetan. "Pertsona bakoitzak kartazal bat jasoko du, maskara batekin, pantaila batekin eta informazio-ohar batekin. Ohar honetan erabilera-jarraibideak argituko dira, halaber, elementu horiek ez direla osasun-produktuak eta erakundea ez dela arduratuko horiek modu desegokian erabiltzeaz", argitu du udalak. "Kontuan izan behar da higiene- eta urruntze-neurriak funtsezkoak direla oraindik ere, eta ez dugula erlaxatu behar".

Azkenik, Berrizko udalatik proiektu solidario honetan parte hartzen duten pertsona guztien lan desinteresatua eskertu du.

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!