“Bezero batzuek launa kaxa parazetamol erosi gura izan zuten astelehenean, eta kaxa bana ematen hastea erabaki genuen”

Aitziber Basauri 2020ko mar. 20a, 09:45

Osasun  larrialdia izendatu eta gero, farmazietan ere neurriak hartzen hasi dira. Uneoro aldatzen da egoera eta hartu beharreko neurriak, Jokin Elorzak (Berriz, 1974) azaldu duenez. "Agindutakoa beteta eta profesionalki heldu diogu egoera honi", esan du.

Osasun larrialdiaren aurrean, zeintzuk neurri hartu dituzue?

Itxitura moduko batzuk egin ditugu, bezeroak mostradoretik gutxienez metro batera egon daitezen, kontakturik ez izateko. Behintzat aurpegiaren aldea bata bestearengandik babesteko. Bezero bi baino ezin dira egon aldi berean farmazian, bakoitza mostradore batean; besteek ilaran itxaroten dute kalean. Eskularruak erabiltzen ditugu, eta aho-maskaren zain gaude, Farmazialarien Elkargoak noiz banatuko. Bestalde, farmaziako altzari batzuk mugitu egin ditugu, hori ere segurtasun neurri modura.

Botika edo produktu guztiak daude eskura? Alde horretatik, ez duzu neurri berezirik hartu?

Bezero batzuk zenbait produktu pilatzen ahalegintzen dira. Batzuek launa kaxa parazetamol erosi gura izan zuten, eta kaxa bana ematen hastea erabaki genuen. Uste dugu nahikoa dela 40 pilulako kaxa bategaz. Dena dela, ez dugu agindurik ezer ez emateko, baina, egia esan, hidroalkoholikoak, aho-maskarak, eskularruak, alkoholak, termometroak eta abar agortuta daude. Hala ere, badaude bestelako alternatibak, badaude produktuak, eta bagabiltza horiek bezeroei ematen.

Ibuprofenoa ez hartzeko gomendioak izango zuen eragina.

Bai. Dena dela, argitu dute ez dagoela frogatuta ibuprofenoa hartzeak eraginik baduen koronabirusean.

Zein gomendio emango zenieke herritarrei?

Gomendio ofizialak betetzea: etxetik ez irtetea, ezinbesteko gauzetarako baino ez bada; eskuak garbitzea, sarri, eta farmaziara beharrezkoa denerako baino ez etortzea. Bestalde, badaude neguan defentsak indartzeko edo katarroak ekiditeko produktuak, naturalak. Gomendagarriak beti. Ez dute koronabirusa ekidingo, baina indar gehiago izango dugu aurre egiteko.

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!