"Martxoaren 8ko azken bi urteetako greba feminista arrakastatsuen eta hamarkadetako mobilizazioen ostean, instituzioek konpromiso zehatzak hartzeko garaia dela uste dugu", adierazi dute EH Bilduko kideek. "Izan ere, justizia eta demokrazia lortzeko ezinbestekoa baita aldarrikapen feministak egitura eta politika instituzionaletan txertatzea".
Hori horrela Berrizko Udalari ondorengo lau konpromezuak hartzeko eskatu diote. Lehenengoa, udal aurrekontuen azterketa egitea, genero ikuspegitik. Bigarrena, udal kontratazio publikoan klausula sozial eta genero klausulak txertatzeko plan progresibo bat diseinatzea eta abiatzea. Hirugarrena, udalerriko emakumeek egindako ekarpena balorean jartzeko memoria historikoa lantzea. Eta azkena, genero ikuspegi batetik udalerriko zaintzen errealitatearen azterketa egitea, eta errealitate hori hobetzeko neurriak martxan jartzea.
Bestalde, hurrengo bilkuran adosteko adierazpen instituzional hau aurkeztu dutela jakitera eman dute.