Martxoaren 8a, adierazpen instituzionala

Anboto 2020ko mar. 4a, 15:18

Urtetan mobilizazio ugariak egin eta bi greba feminista izan ondoren, kaleetako aldarria argia da, erabatekoa: gure gizarteak justizian eta demokrazian aurrera egin dezan, beharrezkoa da printzipio eta aldarrikapen feministak egitura eta politika instituzionaletan txertatzea. Beharrezkoa da eraldaketa erradikalak gauzatzea, erreprodukzio sozial jasangarria politika horien erdigunean jartzeko kapital-metaketa alde batera utzita, azken horrek gehiengo sozialen bizi-baldintzak prekarizatzen dituelako eta natura merkantilizatu eta esplotatzen duelako, etorkizuneko belaunaldien biziraupena arriskuan jartzeraino. Beharrezkoa da, behingoz, emakume guztien indarkeriarik gabe bizitzeko eskubidea lehentasun politiko bat izatea. Beharrezkoa da instituzioek interpelazio hori gure gain hartzea, eta, gure ordezkaritzari erantzunez, herrialde honetako herritar guztiak —guzti- guztiak, salbuespenik gabe— hobeto bizi daitezen gure esku dagoen guztia egin dezagun. Ez digute eskatzen argazki gehiago egitea eta asmo-adierazpen soilak adostea, ezta desparekotasunen sustraiei heltzen ez dieten makillaje-politikak planteatzea ere: aitzitik, eskatzen digute guztionak diren baliabideak erabil ditzagun emakumeen eta gizonen artean dauden sakoneko desparekotasunei aurre egiteko, inor atzean utzi gabe, lan- errealitatearen, arrazaren, sexu-desiraren orientazioaren, administrazio-egoeraren, adinaren eta beste edozein arrazoiren arabera sistemak ezartzen dituen diskriminazio eta zapalkuntza ugariei erantzunez.

Premiazko egoera horren aurrean, erabateko konpromiso bat hartu behar dugu gure udalerrietako pertsonekin, berdintasunaren eta justiziaren alde. Eta konpromiso hori har dezakegu, bakar-bakarrik, zeharo demokratikoak diren prozesuak planteatzen baditugu, non instituzioetatik “obeditzen gobernatuko dugun”, emakume zapatisten hitzak erabiliz. Eta bakar-bakarrik lortuko ditugu gure bizitzekin zerikusia duten erabaki guztiak bizi garen tokian hartzen baditugu, gure lurraldeetan, gure herrialdean; hau da, subirano izan bagaitezke eta gure erabakitzeko eskubidea baliatzeko moduan bagaude.

Euskal herritar guztien erabakiak errespetatuko dituen esparru politiko eta instituzional bat eskatzeko eta eraikitzeko lanean jarraitzen dugun bitartean, subiranotasun feminista noranzko ugariko bide baten antzera agertzen da, emakume guztien askatasunak berreskuratzeko eta eskubideak zabaltzeko prozesu baten antzera, non egunero-egunero definituko eta gauzatuko dugun gure burua gobernatzeko zer egin nahi dugun eta gure herrialdearentzat zer bizi-baldintza nahi ditugun, guztiontzat, salbuespenik gabe, eta belaunaldi gazteenen etorkizuna hipotekatu gabe. Beharrezkoa da maila instituzional guztietatik lan egitea, koordinatuta eta ikuspegi subiranista zabal batekin, eta lehentasunak identifikatuz politika feministetan aurrerapauso sendoak egiteko, eremu guztietan eskubide eta askatasunak zabaltzearren.

Instituzioetan ere feminismoa egunero defendatzen eta eraikitzen delako, gaurko egunak balio behar du, halaber, Udal honek politika feministen alde hartu duen konpromisoa berresteko, emakumeen erabakitzeko eskubidea abiapuntua, euren bizitzak zeharka hobetzera zuzentzen diren arlo guztietako politika feministekin, azpimarra berezia jarriz egoera zaurgarriago batean dauden emakume-kolektiboengan.

Horregatik guztiagatik, Berrizko Udalak honako hau erabaki du:
1. Emakumeen eta gizonen arteko berdintasun eraginkorraren bidean aurreratzeko neurri sorta bat garatzea udalerrian, beharrezkoak izango diren baliabide guztiak bermatuz:
- Udal aurrekontuen azterketa egitea, genero ikuspegitik, Udalak hartu dituen konpromisoen bideragarritasuna bermatuz.
- Udal kontratazio publikoan klausula sozial eta genero klausulak txertatzeko plan progresibo bat diseinatzea eta abiatzea.
- Udalerriko emakumeek egindako ekarpena balorean jartzeko memoria historikoa lantzea.
- Genero ikuspegi batetik udalerriko zaintzen errealitatearen azterketa egitea eta
errealitate hori hobetzeko neurriak martxan jartzea, besteak beste, ondokoak
jasoz:
▪ Etxez Etxeko Laguntza zerbitzua ematen den baldintzak eta lan baldintzak
duintzeko zuzenduriko neurriak proposatzea eta abiatzea.
▪ Familian egiten diren zaintzen analisia (ume eta mendekotasuna duten
pertsonena), gabeziak, bete gabeko beharrak eta hobetu beharrekoak
identifikatuz eta aurre egiteko neurriak abiatuz, kasu:
* Zaintzen beharrei erantzuteko udal espazioak egokitzea.
* Zaintzarako pertsonen kontratazioaren gainean laguntza ematea.
* Zaintza behar edo eskaintzen dituzten pertsonen arteko harremanak erraztea.
* Nagusiki emakumeek egindako zaintza lanei balorea emateko sentsibilizazio jarduerak bultzatzea, baita gizonek erantzunkidetasunaren gainean kontzientzia hartzeko jarduerak ere.
* Zaintza rolen gaineko emakumeentzako ahalduntze jarduerak abiatzea.
*  Gazteei zuzendutako rol berdinzaleen gaineko hezkuntza jarduerak bultzatzea, ahalduntze ikuspegi batetik.

2. Identifikatu diren Udalerriko emakume zein kolektibo feministek parte hartzeko
bideak irekiko dira, identifikatu diren jarduera guztien diseinutik ebaluazioraino parte
hartu ahal izateko, euren iritzia kontuan hartuz.

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!