"Partitura desagertuta zegoelakoan nengoen, eta abestia entzuterakoan asko hunkitu naiz"

Maialen Zuazubiskar 2019ko ira. 12a, 13:09

Irailaren 11n frankismoko biktimak omendu zituzten Berrizen. Eguaztenekoa ekitaldi berezia izan zen herritarrentzat, Julian Narbaiza gudariaren senitartekoek Berriz 1936 Gogoratzen elkarteko kideei emandako partitura bati eskerrak. Narbaiza berriztarra Ariztimuño batailoiko kidea izan zen 1936ko gerran, eta gudariek frontean abesten zuten kanta berreskuratu zuten Eneritz Gorritxategi, Iokin Elortza eta Iñaki Elortza musikari berriztarrek.

Zuen aita Ariztimuño batailoiko gudaria zen, eta abesten zuen kanta berreskuratu dute Eneritz Gorritxategi, Iokin Elortza eta Iñaki Elortza musikari berriztarrek.
Oso momentu berezia eta polita izan da. Gaztetan sarritan abestu nuen kanta hau aitagaz. Musika asko gustatzen zitzaion; berak abestia abesten zidan eta nik akordeoiagaz jotzen nuen. Aitak ez zeukan partiturarik eta hamahiru bat urtegaz pentagraman idaztea lortu nuen. Aitak letra idatzi zion azpian.

Oso une berezia izan da.
Partitura hori desagertuta zegoelakoan negoen, eta asko hunkitu naiz. Momentu batean, urte batzuk atzera egin eta aitagaz sukaldean abestia abesten nengoela pentsatu dut. Oso polita izan da.

Berriz 1936 Gogoratzen elkarteak lanean dihardu frankismoko biktimak gogoan izateko.
Lan ikaragarria egiten dabiltza. Gure gurasoek zenbat sufritu zuten eta zelako bildurra pasatu zuten belaunaldirik belaunaldi transmititzea oso garrantzitsua da. Urte haiek gogorrak izan ziren, eta ez daitezela halako gehiago etorri. Gurean, esaterako, aitak ez zuen gauza askorik kontatzen. Asko sufritzen zuen garai hartako istorioak gogoratzean.

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!