Berrizko jaiak

Berrizko pentsiodunek botako dute jaiei hasiera emango dien txupinazoa

Joseba Derteano 2019ko eka. 26a, 10:31

Argazkia: Javi Mar Flo

2018a hasi zenetik hona, Berrizko pentsiodunak astelehenero batzen dira, euren egoera hobetzeko borrokan. Asteko mugimenduak ezagutara eman eta aurrera begirako egitasmoak eztabaidatzen dituzte. Datorren astean, ostera, astelehenean ez ezik, ekainaren 28ko barikuan batzea ere egokituko zaie. Izan ere, egun horretako arratsaldean, Berrizko jaiei hasiera emateko txupinazoa botako dute. "Oso pozik" hartu duten ardura dela adierazi du Berrizko pentsiodunen taldeko Mari Tere Alberdik, eta urte eta erdian zehar egindako lanaren "errekonozimendu" moduan hartzen du.  

Egunotan, txupinazoa bota aurretik irakurriko duten testua lantzen ari dira. Talde barruko zein kanpoko hainbat jendek egindako ekarpenekin osatuko dute adierazpen definitiboa.

Konpromisodun taldea
Batzuetan, mugimenduak indarra galtzen joaten dira denbora joan ahala. Baina pentsiodunen mugimendua ez da nekatu, eta berriztarrak horren erakusgarri dira. "20 bat lagun hasi ginen. Gerora, 70 edo 80 bat lagunera igo ginen eta, gaur egun, kopuru horri eusten diogu. Horrek konpromiso bat erakusten du", Alberdiren ustetan. Hala ere, atea denentzat dutela zabalik dio. "Desiratzen gaude jende gehiago batu dadin", esan du. 

Eguaztenero, Bilbon egiten den pentsiodunen Bizkaiko batzarrera joaten da Alberdi, taldeko beste kide batzuekin batera. Han, asteko albisterik garrantzitsuenen berri jasotzen dute. Ondoren, jasotako informazioa Berrizen kontatzen dute, astelehenetan, 12:00etan, udaletxe aurreko plazan. Beste mugimendu batzuekiko elkartasuna ere erakusten dute: osasun arlokoak eta gazteen ingurukoak, besteak beste.

Berrizko manifestazioa
Ekainaren 17an, pentsiodunek Durangon manifestazioa egin zuten egun berean, Berrizen beste manifestazio bat egin zuten, udaletxetik Olakueta plazara. 

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!