"Benetan gustuko dudan kirola esku pilota da eta oso pozik aritu naiz"

Joseba Derteano 2017ko aza. 15a, 17:30

Nuria Telleria gaur Berrizen.

Nuria Telleria (Berriz, 1973) artista zen esku pilotan. Pablo Berasaluze zein etorkizunean profesionalak izango ziren Berrizko beste pilotari batzuei irabazten zien umetan, Eneko Kanpo Oizpe pilota elkarteko kideak gogoratzen duenez. Baina pilota gogorragaz hasi zenean uztea erabaki zuen. Aurten itzuli egin da Emakumeen Master Cup txapelketarako. 26 urtean pilotan jokatu barik egon den arren, maila bikaina erakutsi du eta tanto bakar bategatik ez da finalerdietarako sailkatu.

Urte asko zeramatzan pilotan jokatu barik?
Orain 26 urte utzi nuen, 18 urte nituela. Pilota gogorragaz jokatzen hasi ginen eta ezin nuen. Pilota gogorregia zen nirtetzat. Mutilek indar gehiago zuten eta errazago mugitzen zuten. Azkenean uztea erabaki nuen. Pena eman zidan pilotan gustura aritzen nintzelako.

Zergatik animatu zara berriro bueltatzera?
Txapelketa hau zegoela komentatu zidaten eta izena-ematea hausnartzen nenbilen. Bitartean lagun batek dei bat egin zuen eta apuntatu egin ninduen. “Izena emanda zaude”, esan zidan.

Urte asko zeneramatzan pilotan jokatu barik?
26 urtean ez pilotarik eta ez kirolik egin barik nengoen. Txapelketara begira ere ia ez nuen entrenatu. Hiru egunetan ordu laurden egunero. Beraz, ordubete eskas guztira. Itsu-itsuan hartutako erabakia izan zen. Jakina, horregatik izan nuen gero lesioa.

Lesionaturik jokatu duzu?
Partiduaren aurreko beroketa ariketak ez nituen patxadaz egin eta partiduan zuntz haustura izan nuen besoan. Partidu hura amaitu nuen, baina bigarrenean ezinean aritu nintzen min ematen zidalako.

Berriro kantxan jokatzeak zelako sentsazioak eragin dizkizu?
Nik benetan gustuko dudan kirola pilota da eta oso pozik aritu naiz.

Urtarrilean binakako txapelketa hasiko da. Baduzu parte hartzeko asmorik?
Besoa osatzen bazait eta prestatzeko astia baldin badut, orduan bai, parte hartuko dut.

1989an Berrizekin herri arteko txapelketako partidu bat jokatu zenuen. Egun hartako zer oroitzapen duzu?
Orduan haur-kategoriako edo kadeteetako adina nuen eta gazte mailakoekin aritu nintzen. Ez zegoen Lejardigaz jokatuko zuen gazterik eta ni sartu nintzen. Nirekin alderatuta, aurkariek askoz gorputz handiagoa zuten eta Lejardik eraman zuen partiduko pisua. Partidu osoan pilota bat jo nuen eta bera tantoa izan zen. Gogoan dut harmailetan zeuden zale denak altxatu eta txaloka hasi zitzaizkidala tantoa egin nuenean. Partidu hura irabazi egin genuen.

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!