Laboral Kutxa Emakumeen Master Cup lau t’erdiko pilota txapelketa azken txanpan sartu da. Berrizen finalerdiak jokatuko dituzte domeka honetan eta finala Sopelako pilotalekuak hartuko du abenduaren 6an.
Domekako jardunaldia 12:00etan hasiko da eta ETBk zuzenean eskainiko du. Elite mailako lehenengo finalerdia Leire Etxaniz etxebarriarraren eta Leire Garai gasteiztarraren artekoa da. Bigarrenean Maite Mendizabal anoetarrak eta Maddi Mendizabal zaldibiarrak neurtuko dituzte indarrak. Mendizabalek irabazi daitekeen guztia irabazi du paleta goman: munduko hainbat txapelketa, Europakoa… Ostean lehenengo mailako finalerdiak hasiko dira. Maite Iriarte eta Oihana Orbegozo azpeitiarrek jokatuko dute lehenengo, eta, Eneritz Arrieta azkoitiarrak eta Iratxe Ibarra markinarrak, ondoren.
Txapelketan 68 pilotarik parte hartu dute eta horietako 20 berriak izan dira. Euskaldunak dira gehienak, baina Katalunia, Aragoi eta Mexikokoak ere izan dira. “2018an txapelketaren jarraipena segurtaturik dugu. ETBgaz hitzarmena dugu beste lau emanalditarako”, adierazi du Iker Amariko txapelketako antolatzaileetako batek finalerdiak aurkezteko Berrizen egindako prentsaurrekoan.
ETBk bere azpiegiturak kokatu ditzan, domeka goizean (09:00etatik 16:00 ingurura arte) Arkaraz kalea itxita egongo dela jakinarazi du Orland Isoird Berrizko alkateak.