Berrizko jaiak 2017

Berrizko Bertso Eskolako gazteek egindako koplekin hasiko dituzte aurten herriko jaiak

Anboto 2017ko eka. 28a, 08:28

2015ean berreskuratu zuten bertso eskola, bederatzi umegaz, eta hurrengo ikasturtean 30 gaztetxotik gora izango dira.

Berrizko Bertso Eskolako 20 bat gaztetxo Miren Amuriza irakaslea noiz etorriko zain daude, familia argazkia ateratzeko. Eskaileretan gora badatorrela ikustean, arrapaladan hurreratu, eta inguratu egin dute. Hau dela, bestea dela, zenbat kontu minutu batean! Argazkia atera ostean, “ez joan” eskatu die Mirenek. Poltsikotik, lau kopla idatzita dituen folio tolestu bat atera du. Jaietan abestuko dituztenak dira, aurten bertso eskolari egokitu zaio-eta txupinazo txikia jaurti eta pregoia irakurtzea, gaur, 17:00etan. Egun handirako entsegua hastear da.

Koplak egiteko ardura taldeka banatu dutela diote, eta ez dute uste txupinazo egunean urduri egongo direnik, denek elkarregaz abestuko dute eta.

Mirenegaz oso pozik dabiltzala azaldu dute, “oso jatorra” dela eta beragaz “asko ikasten” dutela. “Munduko onena da”, definitu du gaztetxo batek. “Itzelezko pazientzia du gugaz, batzuetan astun samarrak ere bagara eta”, onartu du beste batek. Iruri Altzerreka bertso eskolako beste irakaslea eta sarritan laguntzera etortzen diren Eider Gallastegi eta Maiora Altzerreka ere gogoan izan dituzte.



12 urte eskolagaz

Berrizko Bertso eskola 2005ean sortu zuten, Gorka Lazkanoren eta Iratxe Ibarraren gidaritzagaz. Ondoren, urte batzuetako hutsunea izan zen, harik eta 2015ean berreskuratu zuten arte. Harrezkero, Miren Amuriza dabil irakasle.

Bederatzi gaztetxogaz hasi ziren, aurten 25 bat izan dira, eta datorren ikasturtean 30 baino gehiago batuko dira. “Iaz, esaterako, klase bereko 10 gazte hasi ziren bertso eskolan, eta denek jarraitu dute”, azaldu du Miren Amurizak. Mallabiko eta Ermuako gaztetxoak ere batu zaizkie.

Umeen talde berria

Ikasleak taldeka banatzen dituzte. Aurtengo nobedade bat 5-6 urteko taldea sortu dutela izan da. Sei umetxo aritu dira Sormen Tailerra deitu dioten gelan. “Kantatu, ipuinak kontatu, jolastu”, denetarik egin dute. Adin horretatik gorako beste lau talde ere badituzte adinka banatuta.

Honako hauek dira Berrizko bertso eskola osatzen duten gazteak: Haur Hezkuntzako Jare, Arhane eta Maddi; Lehen Hezkuntzako Afrika, Urtzi, Xuban, Xabier, Naroa, Eider, Manex, Garazi, Kattalin M., Kelmene, Maialen, Laia, Jasone, Ekain, Kattalin G., Ekiñe eta Unai; Derrigorrezko Bigarren Hezkuntzako Araitz, Maiora, Irune, Amaia, Laida, Asier, Ilargi, Eider eta Iruri.

Miren Amuriza ez ezik, Iruri Altzerreka ere irakaslea da bertso eskolan. Berak talde bat gidatzen du. 17 urteko garaitarraren izena bertsozaleen ahotan ibili da azken asteetan. Ekainaren hasieran Bizkaiko Eskolarteko txapela jantzi zuen eta, ondoren, Euskal Herriko txapelketako finalean ere jardun zen.



Bertsomoviedako irabazle


Bertsotan ez ezik kamera aurrean ere trebeak direla erakutsi dute aurten bertso eskolako gazteek, Beasaingo Bertso eskolak eta Arrano kultur elkarteak antolatutako Bertsomovieda bideo lehiaketa irabazita. Arazoak arazo, bizitza momentu txiki politez osatuta dagoela gogoratu dute, eta une horiei ‘Irri Egin’ behar zaiela diote bideolanaren izenburutik bertatik. Ia 700 botogaz, 18 urtetik beherakoen sailean irabazi dute. Gaztetxoek oso gogoan dute lehiaketa hori.Aktore lanak egiten “ederto” pasatu ei dute, nahiz eta gero bideoan euren burua ikusteak “lotsa” apur bat ere eman dien.

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!