Iruri Altzerrekak jantzi du Bizkaiko eskolarteko txapela

Itsaso Esteban 2017ko eka. 5a, 08:57

Berrizko bertso eskolan diharduen Iruri Altzerrekak jantzi zuen txapela, zapatuan Markinan jokatu zuten Bizkaiko eskolarteko bat-bateko finalean. Beragaz buruz-burukora ailegatu zen Beñat Bilbao gernikarragaz, Bizkaiko ordezkaria izango da Altzerreka datorren asteburuan Saran jokatuko duten Euskal Herriko finalean. 

14 eta 18 urte bitarteko 40 gaztek parte hartu dute aurtengo eskolarteko bat-bateko sariketa horretan, horietatik zortzik kantatu zuten atzoko finalean. Bat-bateko finala ezezik, eskolarteko idatzizkoa eta taldekakoa ere jokatu zituzten herenegun Markinan. Bizkaia osoko 200 gazte inguru batu ziren idatzizko finalean, eta DBHko lehengo mailakoen artean Araitz Katarain mallabitarra izan zen garailea.

Bizkaiko bertsolaritzaren egun osoko jaia izan zen Markinan zapatuan ospatu zutena, eta helduen txanda izan zen arratsaldean. Taldekako finala jokatu zuten Iurretako Bertso Taldeak, Abadiñoko Koipelustre's taldeak eta Markinako Akerbeltzen Antxumak taldekoek. Azken horiek irabazi zuten euren herrian jokaturiko finala.

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!