Superprestige txapelketa trinketean dagoen hitzordurik inportanteenetakoa da. Denen nahia da bertan parte hartzea, baina urtero hamabik bakarrik izaten dute horretarako aukera. Aurten Mikel Gonzalez (Berriz, 1984) izan da gonbidapena jaso duenetako bat, eta bikain erantzuten dabil. Lau kanporaketa gaindituta, finalerdietan Peio Larralde du zain, gaur egungo buruz buruzko txapelduna.
Astelehenean Bixintxo Bilbaori irabazita —orain arteko partidurik gogorrena— lortu du sailkapena. Larralderen kontrako finalerdia beste kontu bat izango da. Badaki “oso gaitza” dela gaur egungo “aurrelaririk onenari” irabaztea, baina erronkari aurre egiteko prest dago. “Zergatik ez? Zergatik ez dut irabaziko? Horixe pentsatuta irabaztera noa. Nire lana ondo egin gura dut, horretarako prestatzen nabil eta”, esan du Gonzalezek.
Sei hilabetean lehenengoz
Ipar Euskal Herrian bere bidea egin duen pilotaria da Gonzalez. Hainbat partidu jokatu ditu, gehienbat bigarren mailakoak. “Hasieran eskaintzen zidaten dena onartzen nuen, han jokatu gura nuelako”. Etapa hartan “oso erantzun ona” eman zuela uste du, eta bazuela maila gorago aritzeko. Beraz, “eskaintza batzuk baztertzen hasi nintzen, eta partidu onak bakarrik jokatzea erabaki nuen”, dio pilotari berriztarrak.
Sei hilabete Ipar Euskal Herrian partidurik jokatu barik eman ditu. Gogor entrenatzen jarraitu du, aukera baten zain. Horrela, Superprestigean aritzeko gonbidapena “sorpresa handia” izan dela onartu du. Orain bera da sorpresa ematen ari dena.
Mikel Gonzalez Superprestige txapelketako partidu batean. (Argazkia: Goizeko Izarra)