Berrizko Ziklo-Kros Sari Nagusiak jauzi bat emango du zapatuko zazpigarren aldian. Azken edizioetan Bizkaiako txapelketa hartu ostean, aurten Euskadikoa egongo da jokoan. Horrek parte hartzaile kopuruan zein euren kalitatean “gorakada” bat eragingo du Roberto Gomez Berriz Bizikletari elkarteko kideak proba aurkezteko prentsaurrekoan adierazi duenez.
Guztira 300 bat ziklo-kroslari batzea itxaroten dute Berriz Bizikletari Elkartearen, Berrizko Udalaren eta Bizkaiko federazioaren elkarlanari esker antolatuko proban.Elite mailan Javier Ruiz da Larrinaga izango da hutsune bakarra. Ez du iazko garaipena defendatuko beste proba batera doalako. Horiek horrela, gizonetan Aitor Hernández da proba irabazteko faborito nagusia Iñigo Gomez eta Joseba Leónen aurretik. Emakumeetan Eider Merino, Olatz Odriozola eta Zaloa Trevillaren artean egon daiteke txapela. Gizonen 23 urtez azpikoan Jon Munitxa abadiñarra da faborito eta emakumeetan Lierni Lekuona. Ziklo-krosean Bizkaia errefente dela adierazi du federazioko presidente Agus Ruizek. “Ez nintzateke harrituko maila denetako garaileen erdiak bizkaitarrak balira”, gehitu du.
Zirkuitua Berrizburun dago eta hantxe hasi eta amaituko dira lasterketak. 2.5 kilometrotan zehar “jaitsiera teknikoei eta igoera gogorrei” aurre egin beharko diete ziklistek Roberto Gomezen arabera. Zati bat Iñaki Lejarreta ibilbidean zehar izango dela gogoratu dute antolatzaileek zein Berrizko alkate Orland Isoirdek.
ORDUTEGIA - ABENDUAK 24
- 09:00 Master 30-40-50-60.
- 10:00 Kadeteak.
- 11:00 Junior mutilak / junior, elite eta 23urtez azpiko neskak.
- 12:00 Eliteak eta 23 urtez azpikoak gizonetan.