Pablo Berasaluzek erretiratu egingo dela iragarri du

Anboto 2016ko ots. 24a, 13:07

Profesionelatan 18 denboraldi eman ostean urriaren 1ean jokatuko du azkeneko partidua. 39 urte eginak izango ditu ordurako.

Pablo Berasaluzek (Berriz, 1977) binakako txapelketako pilota aukeraketaren osteko prentsaurrekoan eman du erabakiaren berri. Profesionaletan urte asko daramatzala eta egunerik egunera goian egotea gero eta gehiago kostatzen zaiola adierazi du berriztarrak. Txapelketako ligaxka amaitzeko falta diren partiduetan Victor Estebanek ordezkatuko du. Esaterako, martxoaren 5an Berasaluzek Zornotzako pilotalekuan jokatu behar zuen binakako txapelketako ligaxkari zegokion partidua: Berasaluze-Beroiz / Olaizola-Urrutikoetxea. Berriztarraren ordez Esteban ariko da. Aurrelari errioxarrak aurreko baten ere ordezkatu zuen Berasaluze.

Berasaluzek urriaren 1ean jokatuko du profesionaletako azken partidua. Aurretik, udako jaialdietan, herriz herri agur esateko modua ere izango du.

Aurrelari berriztarrak 1998an debutatu zuen profesionaletan. Sekula ez du lehen mailako txapelik jantzi, baina binakako hiru final jokatu ditu: 1999an Ruben Belokirekin, 2013an Jon Ander Albisurekin —finala jokatzen zegoela lesionatu egin zen— eta iaz Aitor Zubietarekin.

 

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!