Berrizko jaiak 2015

Pablo Berasaluze: "Urte batzuk baditugu, eta parranda egunak joan zaizkigu dagoeneko"

Anboto 2015ko eka. 24a, 20:00

Pablo Berasaluze pilotariak botako duen txupinazoagaz hasiko dira aurtengo jaiak. Gustura dago ardura hori eman diotelako, eta herritarrek jaietan ondo pasatzea espero du. Bera, dagoeneko, egunez bakarrik ibiltzen da, lagunekin bazkaldu, eta herritik buelta bat ematen.  Zumaian (Gipuzkoa) egon da asteon, enpresako pilotariekin kontzentratuta, eta handik erantzun dio telefono deiari.

Jaiari hasiera emateko ardura eman dizute. Pozik zaude txupinazoa botatzearren?
Bai. Polita da herrian zutaz akordatu izana. Oso gustura nago txupinazoa botatzeko ardura eman didatelako.

Zelan bizi izaten dituzu Berrizko jaiak? Zer egitea gustatzen zaizu?
Sei-zazpi urte badira jaietan asko irteten ez naizenetik. Azken urteetan egunez ibili izan naiz apur bat, baina gauez ez. Garrantzitsuena Berrizko lagunekin egotea da, tabernetan zerbait hartu, eta eguna ondo pasatzea. Herritik buelta bat eman, bazkari eder bat egin, bazkalosteko berbaldia... eta gauerako etxera.

Egitaraua prest dago. Baina zuk zer ekarriko zenuke Berrizko jaietara?     
Musika talde asko gustatzen zaizkit, baina nik Mikel Urdangarin ekarriko nuke jaietara. Bere musika asko gustatzen zait, eta beragaz hartu-eman oso ona daukat, gainera. Libre daukadanean bere kontzertuak ikustera joaten naiz, sarritan.

Kirol arloari dagokionez, aurten denboraldi ona egin duzu, eta berriro sartu zara binakako txapelketako finalean.
Finala pasatuta dago. Berriro momentu politak bizi izan ditut; min hartu, eta berriro final batera ailegatzea garrantzitsua zen, horrek esan nahi zuelako nire jokoa berreskuratu dudala. Final batean egotea beti izaten da polita; egun bereziak dira.

Orain, udako jaietan, herririk herri eta pilotalekurik pilotaleku  ibiliko zara, ezta?
Hilabete honetan hasiko gara herrietan jokatzen, eta datorren hilean San Fermin torneoa hasiko da. Hortik aurrera, udako torneoak, jaietako partiduak... Ea behintzat lesio barik pasatzen dugun uda.

Udako zein txapelketa duzu gogokoen?
Nire ustez, denak dira politak. Iruñea, Lekeitio, Donostia... Azkena bera ere, Logroñokoa, oso polita izaten da. Horiek aipatuko nituzke.

Zuek lan egin behar izaten duzue beste batzuek ondo pasatzeko.
Bai. Hori beti horrela izaten da. Baina gure lana gustura egiten dugu. Azkenean horretatik bizi gara, eta oso gustura joaten gara herrietara. Giro itzela egoten da, eta lanagaz batera disfrutatu ere egiten dugu.

Famatua izanda, lagunekin parrandan ibiltzea ez da erraza izango, ezta?
Irteten zarenetan, beti etortzen zaizu norbait agurtzera. Baina, beno, hori ondo hartzen dugu, eta ulertzekoa da. Urte batzuk baditugu, eta parranda egun horiek joan zaizkigu dagoeneko.

Kirolariek kritikak jasotzen dituzue parrandan ibiliz gero. Baina horretarako eskubidea baduzue, ezta?
Bai. Gu, azken finean, pertsona normalak gara, eta gainontzekoen moduan irten eta disfrutatu ahal dugula uste dut. Edozelan ere, pertsonaia publikoak garenez, normala da jendearen partetik kritikak egotea.

Txupinazoa jaurtitzeko ardura daukazunez, zer esango zenieke berriztarrei?
Jaiak ederto pasatu ditzatela eta guztia ondo joan dadila!

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!