Berrizko jaiak 2015

Jubilatuen bazkaria, tortila lehiaketa eta Kubako musika, Berrizko jaiak amaitzeko

Anboto 2015ko uzt. 2a, 12:15

Martitzenean herriko igel txapelketa egin zuten udaletxeko lorategian.

Kiroldegian Santa Isabel egunez ohikoa den bazkaria izango dute jubilatuen 14:00etan. Arratsalde-iluntzea ere ekitaldiz beteta egongo da Berrizko jaien azken egunean: Habanako D'Capricho taldearen kontzertua, tortila lehiaketa eta Luhartz taldearen erromeria izango dituzte, besteak beste.

Atseden bako astearen ostean, gaur amaituko dituzte San Pedro eta Santa Isabel jaiak. 12:00etan meza nagusia izan dute, eta ostean dantzari-dantza. Gero, bazkalorduan,  jubilatuak kiroldegian batuko dira, udalak eskainitako bazkarian.

Arratsaldea Kubako musikagaz hasiko dute; izan ere, 18:00ak aldera txosnagunean kontzertua eskainiko du D'Capricho Habanako musika taldeak. Iluntzeko 20:00etan, dantzariek azken dantzari-dantza emanaldia egingo dute, eta gero tortila lehiaketa abiatuko dute, 21:00etatik aurrera udaletxeko lorategian. Luhartzek afalaurrea eta afalostea girotuko ditu erromeriarekin, eta gauerdiraino dantzatzeko aukera egongo da. 23:00etan jaietako argazkien erakusketa jarriko dute txosnagunean, eta orduantxe, su-artifizialak ere izango dituzte.

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!