Duela bi urte Bi D-ak izenagaz egin zenuten bira. Orain, D’Capricho izenagaz zatozte.
Danieuris: Egia esan, izen aldaketak ez du esan gura ezer aldatu dugunik; gure errepertorioa handitzea da denbora honetan egin duguna. Aurrerantzean, gure ibilbide osoaren isla D’Capricho izatea gura dugu, eta disko bat prestatzen gabiltza helburu horregaz.
Zelan hartu izan zaituzte bi urteotan publiko euskaldunak?
Daniellis: Leku askotan jotzeko aukera izan dugu, eta beti eskuzabal hartu gaituzue.
Danieuris: Ez dugu agertoki handirik behar, entzun gura gaituen jendea bakarrik. Esan digute oso energia ederra transmititzen dugula kontzertuetan, eta horrek diruak baino askoz gehiago balio du. Euskaldunak eta kubatarrak oso desberdinak gara gauza askotan, baina lotzen gaituena oso da indartsua: elkartasuna, esaterako.
Daniellis: Askotan esaten duzue euskaldunak hotzak zaretela, baina, asko mugitu ez arren, entzuleen begietan ikusi dugu berotasuna. Lehenengo kontzertutik, beti topatu dugu egiten duguna arretaz entzuten eta ulertu gura duen jendea, eta artistak hori du elikagai.
Hango eta hemengo poeten berbei askotariko erritmoak ipintzen dizkiezue kantetan.
Danieuris: Askotariko doinuak darabilzkigu, eta, hain zuzen, hainbat generogaz esperimentatzeak asebetetzen gaitu gehien. Gure mundu musikaletik kanpo dagoenagaz esperimentatu nahi dugu, proba egin.
Errepertorioaren parte bat euskaraz duzue, gainera.
Danieuris: Bai, horrela da. Eta errespetu handiz egiten dugu, badakigulako mendetan, eta asko borrokatuta, mantenduriko hizkuntza dela zuena. Hizkuntza hain eder eta musikalean gure aletxoa eskaini nahi genuke.
Zelakoa izaten da zuen sorkuntza prozesua?
Daniellis: Piano klasikoa ikasi genuen biok, baina nire ahizpa da kantak konposatzen dituena, bera da kanten egilea.
Zein izan da zuen ibilbidea?
Daniellis: Danieuris musika irakaslea zen, baina egun batean ohartu zen, irakasle izan beharrean, sortzea zela nahi zuena. Eta horrela ekin genion.
Danieuris: Ibiliak gara kubako tradizioko errepertorioa lantzen duten taldeekin kantatzen. Maite dugu musika hori, baina kontziente gara, hori eginda etorri zaigula, eta badagoela oraindik egin behar dugun musika: kubatar musika berria.
Kuban eta Euskal Herrian, bietan nahi duzue garatu zuen proiektua?
Daniellis: Bietan nahi genuke jardun, bai. Kubatarrak gara, ahizpa han bizi da, eta nahi genuke kubatarrek gure proposamen musikala ezagutzea. Orain, Euskal Herrian bizi naiz, Berrizen, eta oso pozik nago: hemengo gizon bategaz maitemindu nintzen, eta horrek ekarri ninduen hona.
Durangon baino lehen, hain justu, Berrizen joko duzue.
Danieuris: Berrizko jaietan abestuko dugu, uztailaren 2an, 18:00etan. Ikusten dugun publikoaren arabera moldatuko dugu errepertorioa. Askotariko emanaldia eskaini nahi dugu.
Diskoa prestatzen zabiltzate?
Daniellis: Bai, hainbat material daukagu esku artean disko bat kaleratzeko.
Danieuris: Tartean, hiru euskal idazleren poesian oinarriturik egin ditugun kantak daude. Kubako poesiagaz egin genuen bezala egin gura izan dugu: oso gogoko ditugun olerki horiek musikatu, eta bestelako musika estiloekin ere probatu.
Daniellis: Euskal Herrian, lehenengo bira egin genuenean, Jon Gerediagaren eta Joseba Sarrionandiaren olerkietan oinarrituriko hainbat kanta ekarri genituen, eta jendeari asko gustatu zitzaizkion. Birako kontzertu baten ostean, Miren Agur Meabe idazlea etorri zitzaigun, eta zera esan zigun: “Neure testuei musika ipintzea falta zaizue!”, eta ahizpa haren liburuagaz bueltatu zen Kubara. Euskal Herriko hiru emakumezko poetaren olerkietatik sortu dira hamar kantok.