Berrizko jaiak 2015

Barikuan bertan Donien Atxa altxatuta hasiko dituzte Berrizko jaiak

Anboto 2015ko eka. 23a, 12:55

Donien Atxa San Pedro bezperan igo beharrean, jaien hasieran igotzea erabaki du Berrizko jai batzordeak. Lehenago egun bakarreko jaiak izaten zirela eta zentzua zeukala diote, baina Donien Atxaren esangura jaiei hasiera ematea denez, egunez aldatzea erabaki dute aurten.

Goizean prentsaurrekoan aurkeztu dituzte San Pedro eta Santa Isabel jaiak. Orland Isoird alkatea, Karmen Amezua eta Isabel Medina jai batzordeko kideak, eta Seve Alava kultur teknikaria izan dira aurkezpenean, jaien berri ematen.

Barikuan hasiko dituzte jaiak Berrizen. Orduantxe egingo dute pregoi txikia, Pagotxa aisialdi taldeak antolatuta, eta pregoi nagusia, Pablo Berasaluze pilotariaren eskutik. Barikuan bertan jarriko dute Donien Atxa dantzariek, jaien hasieraren ezaugarri. Orain arte San Pedro bezperan igotzen zen Donien Atxa, eta Karmen Amezuak azaldu duenez, jai batzordean aspaldi hasi ziren eztabaidatzen eguna aldatu edo ez. Azkenean, jaien lehen egunera pasatzea erabaki dute, "jaien hasiera iragartzea delako Donien Atxaren esangura".

 

Paella txapelketan 1.600 herritar

Egitaruan adin guztietarako eta gustu guztientzako ekitaldiak programatzen ahalegindu direla azaldu dute prentsaurrean. Jaietako ekitaldi jendetsuenetakoa Koadrilen Eguneko paella lehiaketa izaten da, eta Orland Isoird alkateak azaldu duenez, aurten inoiz baino jende gehiagok eman du izena paella txapelketan: "1.600 pertsona inguru batuko gara, eta, guztira, 75 koadrilek eman dute izena". Jubilatuek Santa Isabel egunean egingo duten bazkarian, berriz, 200 lagunek eman dute izena.

 

Astebeteko jaiak

Astedenik barik, barikutik eguenera izango dira jaietan Berrizen. Egunero erromeriak eta kontzertuak izango direla azaldu dute. Zapatu honetan, esaterako, Revolta Permanent, Sei Urte eta Gora Herria  taldeek kontzertua eskainiko dute txosnagunean. Uztailaren 1ean, BREA Berrizko rock taldeen elkarteak antolatutako kontzertuak egongo dira: Etsipen, Kohatu eta Tres41 igoko dira txosnetako eszenatokira.

Prentsaurrekoan, jaiak euskaraz eta berdintasunean bizitzeko deia egin dute.

 

Erlazionatuak

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!