Gainera, Txosna Batzordean parte hartu duten lehenengo aldia izan da gazte horietako askorentzat aurtengoa. “Gogoa daukagu parte hartzeko; izan ere, iaz ikusi genuen txosna bakarra zegoela, eta konturatu gara animatu eta parte hartu behar dugula”, adierazi dute. “Jaiak apur bat beheraka zetozela ikusi dugu azken urteetan, eta ahal dugun heinean lagundu egin gura izan dugu”.
Aurtengo jaien egitarauan badaude Berrizko txosnagunean ohiturazkoak diren hainbat ekintza, eta beti dira arrakastatsuak. Horietako bi dira Mozorro Eguneko –jaien bigarren eguna– bazkaria eta ondorengo jaitsiera, adibidez. Urteak dira, nerabeengandik hasi eta 40 urte ingurura artekoak mozorrotu, eta txosnagunean bazkaltzera elkartzen direna.
Uztailaren 1ean egingo diren barbakoa eta ondorengo kontzertua, eta baita egitarauari hasiera emango dion Txosna bat, jolas bat izeneko ekintza ere, ohiko hitzordu dira azken urteetan, eta herritarrek gogotsu hartzen dituzte.
Ardo dastaketa lehenegoz
Aurten lehenengoz, eta tabernarien laguntzagaz, ardo dastaketa bat jaso dute Txosna Batzordearen egitarauan. Ekainaren 30ean, 19:00etatik aurrera izango da dastaketa hori. Jan-
edanaren bueltan, pintxo lehiaketa ere antolatu dute. Ekainaren 28an, 20:00etan hasiko da lehiaketa hori.