Pastoralen tradizioa abiapuntu duen kantaldia: Amaren Alabak Berrizen

Anboto 2014ko maiatzaren 28a

Amaren Alabak seikoteko lau abeslari ariko dira Berrizko Andikoako baselizan, auzoko jaietan. 'Plazandere' izeneko bigarren diskoa aurkeztuko dute zuberotarrek, zapatuan, 20:00etan. Zuberoako tradizio aberatseko kantuak dira Amaren Alabak taldeak eskaintzen dituenak.

 

2012an kaleratu zuten Plazandere lana, eta, besteak beste, Etxahun Barkoxeren, Etxamendi eta Larralderen, eta Xalbadorren letrak bildu zituzten bertan. Maite dute mikrofonorik barik eta jendea hurbil izanik aritzea kantuan. Gustura ariko dira Andikoan: “Horiek dira guretzat baldintzarik onenak”.


“Maite ditugun poeten hitzak eramaten ditugu gurekin”, azaldu du Maika Etxekopar taldekideak. “Xiberuako istorioak kontatzen dituzten kantak dira, eta, aldi honetan, kanta ezagunagoak aukeratu ditugu, beharbada”. Bestalde,  Didier Agerre presoak idatziriko testu bat ere bildu dute bigarren disko honetan: “Presondegira joan ginen kantaldi bat egitera, eta letra horrekin atera ginen”, kontatu du Etxekoparrek. “Kantu bakoitzarekin badugu gure istorioa”. Hitzaren erabilera, “istorioak kontatzeko manera” bereziki interesatzen zaie Amaren Alabei: “Etxahun Barkoxek, esaterako, erailtze istorioak kontatzen ditu sarri: oso kontalari ona da, eta anitz xarmatzen gaitu nola istorio larrietatik ateratzen duen edertasuna”.


Maika Etxekopar kantariak azaldu duenez, Plazandere diskoko kantetariko askok “badute larritasun puntu bat: esaterako, Etxamendi eta Larralderen Hezurren baladak militantziari, kausa baten alde hiltzeari buruzkoa da”.


Berrizen eskainiko duten ikuskizun honetarako Pastoraletik –Zuberoako tradizioko herri antzerkiaren formatik– abiatu direla azaldu du Etxekoparrek: “Pastoraletako makilekin ibiltzea da ikuskizunaren formaren abiapuntua”. Izan ere, Amaren Alabak taldekoek abestietako hitzei besteko garrantzia ematen diete formari eta dantzari, oholtzako jolasari eta melodiari.


Oholtza handietan, jende askoren aurrean eta arrakasta handiz ere arituak dira Amaren Alabak; esaterako, Oreka TX eta Kukairekin Hostoak eskaini zuten Euskal Herrian zehar. Ohiko formatutik atera ziren horretarako. Bi pastoraletan parte hartu dute, bestalde, oraintsu: Euskal Herriko ijitoei buruzko Ederlezi, eta Alienor pastoraletan.


10 urte ingurugaz, 1.999. urtean, hasi ziren Amaren Alabak elkarrekin kantatzen, eta “elkarrekin handitu eta heldu dira”. Maika Etxekoparren berbetan, diskoan ere nabari da heldutasun handiagoa. Lehenengo lanean, Anderegatik izenekoan, bestelako moldez sortu zituzten kantak: tradizioko kantak bildu zituzten, eta senitartekoen laguntza izan zuten sorkuntza prozesuan. Beste herrialde batzuetatik Zuberoara bizitzen joandako emakumeek irakatsitako kantekin osatu zuten disko hura.

Biarnon bizi dira, gaur egun, taldekideetako batzuk, baina Zuberoatik gertu bizi dira denak, eta jaioterria da Amaren Alabak taldearen elkargunea.

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!