Zapatuan, 19:30 inguruan donien atxa altxatuta hasiko dituzte Andikoako jaiak. Ostean, 20:00etan Zuberoako Amaren Alabak taldearen kantaldia izango dute elizan. Mikrofono barik, Zuberoako abestiak kantatzen ditu taldeak. Seikotea dira, eta Berrizera euretako lau etorriko dira kantaldia eskaintzera.
Domekan, 11:00etan meza edukiko dute, eta amaitutakoan, Iremiñe dantza taldearen dantza emanaldia. Goiz osoan ipiniko dute auzoko animalien erakusketa. Helburu nagusia erakustea dela azaldu dute: “Traturako aukera egon daiteke, asto edo oiloetan, adibidez, baina erakustea da batez ere asmoa”. Azoka girotzen Xabier Amuriza eta Miren Amuriza bertsolariak ibiliko dira.
Arratsaldean, 17:00etan, asto-probak izango dituzte. Auzoko Zubetza baserriko asto bat Zegotitagane elkarteko asto bategaz lehiatuko da. Ondoren, bolo lehiaketa egingo dute.
Jaiak amaitu eta aste betera, ekainaren 7an, auzokideek ohiko afaria egingo dute trikitilai eta bertsolariekin.