#0km

Arrazolako Panarra, Espainiako okindegirik onenen artean

Ekaitz Herrera

Panarrako Gabi Romero, eskuman, seme-alabekin saria jasotzen. PANARRA OKINDEGIA

Panarra okindegia Espainiako estatuko 50 okindegirik onenen artean kokatu da Bilboko 'Global Bakery Forum' topaketan. "Honako gauzek aurrera jarraitzeko indarra eta gogoa ematen dizkizute", esan dute Panarrako kideek.

Espainiako estatuko okindegirik onenetariko bat etxe ondoan daukagu: Panarra. Halantxik ebatzi du Global Bakery Forum sariketako epaimahaiak, eta estatuko 50 okindegirik onenen artean kokatu du Arrazolakoa. Irati Anakabe bertako beharginetako bat da, eta lan-taldeko kideak "poz-pozik" daudela aitortu dio ANBOTOri. "Inguruko lagunek animatuta eman genuen izena txapelketan, eta hara! Saria etorri da. Pozik gaude. Honako gauzek aurrera jarraitzeko indarra eta gogoa ematen dizkizute", azaldu du Anakabek.

Txapelketarako prozesua maiatzean hasi zuten, sariketara beren lanak aurkeztu zituztenean. "Ogi bi aurkeztu behar izaten dira lehiaketara. Barra bat eta ogi biribil bat. Maiatzean aurkeztu genituen gure ogiak, Bilbon", azaldu du. Eurekin batera, Espainiako okindegi ugari egon da ogirik onenagatiko lehian, bakoitza bere lurraldean antolatuta. Epaimahaiko kideek aurkezturiko ogi guztien hamar ezaugarri ebaluatu dituzte: itxura, usaina, mamia, azala, egosketa eta zaporea, besteak beste. 

Txapelketako ekitaldi nagusia irailaren 14an egin zen Bilbon, eta Panarrako kideek orduantxe izan zuten errekonozimenduaren berri. Gabi Romero okina saria jasotzera bertaratu zen.

Bilbao Global Bakery Forum sariketa okintzari buruzko Pan de Calidad hedabideak (Madril), ogizaleen Panátics plataformak (Bartzelona) eta Bizkaiko Okinen Elkarteak antolatzen dute. 

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!