Antzerki taldeko kideen pregoiagaz hasiko dituzte aurtengo sanpedroak Apatan, ekainaren 25an; txopo handiagaz eta txikiagaz kalejira egin eta jaso ostean izango da hori. Pregoiaren ondoren, auzotarrak txosnen irekieragaz eta Ondoezik elektrotxarangaren giroagaz murgilduko dira jaietan. Erromeriek ez ezik, musika jartzaileek eta doinu elektronikoek ere izango dute protagonismoa jaietan; horren adibide, Igor Martinez eta Lamikiz DJ-ek dantzan ipiniko dute mundu guztia. Barikurako ere antzeko formula aukeratu dute. Arratsaldean Pelma&Luis musika jartzaileek euren doinu dantzagarriekin girotuko dute herria, umeek aurpegiak margotzeko aukera duten bitartean. Gauean, Zutik taldeak erromeria egingo du, eta ondoren DJ Kukuk dantzan ipiniko du plaza, eta DJ Igor Martinezek gaztetxea. Aurretik, 21:00etan, herri afaria egingo dute frontoian; mahai-zapia, ogia eta kafea jai batzordeak ipiniko ditu.
Zapatuko protagonistak kuadrillak izango dira, paella janagaz eta ondorengo jolasekin; mus txapelketa ere egingo dute tabernetan. Arratsaldean Joseto Ta Alayak elektrotxarangak herriko kale nagusiak zeharkatuko ditu, eta gauerako eskaintza bikoitza egongo da musika aldetik: alde batetik, Gorka Basoa eta Oier eta Aratz gaztetxean egongo dira, eta Zilibito Records eta Marte Lasarte plazan.
Domekan ere jai
Jaiak borobiltzeko, domekan kirol eskaintza egongo da; izan ere, frontoian pilota partiduak jokatuko dituzte. Iluntzean, Barsanti konpainiak Kale gorrian ikuskizuna egingo du, eta Zartada, Eztanda eta Estutu taldeek kontzertua joko dute gaztetxean. Astelehenean amaituko dituzte jaiak, txopoa botata.