Aurretik ekimenez betetako asteburua dator. Musika izango da menuko plater nagusietako bat. Aurten, jaietako musika eskaintzaren barruan, erromeriek protagonismo berezia izango dute. Ez jaietako barikuan bakarrik, ohitura den moduan, baita zapatuan ere. Horrela, gaur Itzal taldeak erromeria eskainiko du plazan, eta ostean, Egurra ta Kitto after taldeak girotuko du jaia. Zapatuan, berriz, Fane musikaria eta Zirkinik Bez taldearen erromeria izango dira protagonistak.
Gaztetxean ere badago musikarekin gozatzeko aukera: barikuan, Gozzue taldearekin eta DJ Yiyirekin, eta zapatuan, Take (Tributo A Kaos Etiliko) taldearekin. Baina, dena ez da musika. Esaterako, zapatuan Mozorro Eguna ospatuko dute, aurtengo gaia 'azoka' dela.
Pilotako finalak
Aurtengo jaietan protagonismo berezia izango du pilotak. Batetik, Atxondoko pilota eskola biziberrituak irakurri zuen jaiei hasiera eman zien pregoia. Bestetik, domekan arratsaldean Pelota Goxua txapelketako finalak jokatuko dituzte; baita pilota eskolako finalak ere. Finalerdiak Axpen jokatu ziren.