Miren Artetxe bertsolariak ‘Geuretik Sortuak’ kultur egitasmoa garatuko du Atxondon

Anboto 2025ko ots. 4a, 13:30

Eneritz Agirre Atxondoko alkatea eta Miren Artetxe.

Artetxeren sormena eta Atxondo ipuin batek lotuko ditu. Proiekturako inspirazio iturri moduan, egonaldi bat egingo du herrian.

Udalbiltzak antolatutako ‘Geuretik Sortuak’ kultur egitasmoaren hirugarren edizioa martxan da. Aurten 30 sortzaile aukeratu dituzte, beste hainbat herritan kultur egitasmoak garatzeko. Atxondo da proiektuan parte hartuko duen herri bat eta Miren Artetxe Sarasola bertsolari eta ikerlari hendaiarra hartuko du, udalak ohar batean jakinarazi duenez.

"Artetxeren sormena eta Atxondo ipuin batek lotuko ditu. Artetxek heriotzari eta haren inplikazioei buruz hausnartzeko baliatu gura du ‘Geuretik Sortuak’ beka eta heriotza bat muinean izango duen ipuina Atxondon kokatuko du. Horrela, Atxondotik abiatuta, unibertsala den gaiaren askotariko ertzak jorratu gura ditu", oharrean azaldu dutenez.

Artetxek egonaldi bat egingo du Atxondon proiekturako inspirazio iturri moduan. Egonaldian, askotariko jende-taldeekin espazioa eta denbora konpartitzea da helburua, herriko bizimodua, ohiturak eta errealitatea bertatik bertara ezagutzeko. Horrez gainera, herritarrentzat irekiak diren ekitaldiak antolatzea gustatuko litzaioke. “Oso pozik nago egonaldia Atxondon egitearekin, nire eguneroko errealitatetik urrun geratzen delako eta Anbotopeko edertasun handi horren barruan dauden edertasun txikiak bilatzeko aukera izango dudalako”, adierazi du Artetxek.

Udal ordezkariak eta Artetxe hartuemanetan daude dagoeneko egitasmoari forma definitiboa emateko.

‘Geuretik Sortuak’ egitasmoa

‘Geuretik Sortuak’ proiektuak euskal artisten sormena eta euskal herriko kontakizunak uztartzea du helburu, euskaraz egindako artearen sormena eta hedapena bultzatzeko. Udalbiltzak 2021ean jarri zuen abian bi urtez luzatzen den egitasmoa. Beraz, 2021-22 eta 2023-24ko edizioen ostean, aurten hirugarren aldia abiatu du. Oraingoan 30 sortzailek lortu dute Udalbiltzaren beka, inoiz baino gehiagok.

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!