Udalbiltzak Geuretik Sortuak kultur bekak esleitu ditu aurten ere. Literaturari, komikigintzari, zinegintzari eta antzerkigintzari loturiko 30 kultur proiektu hautatu dituzte, eta horrenbestez, Euskal Herri osoko 30 sortzailek, egonaldiak egingo dituzte Euskal Herriko 30 herritan edo herri multzotan, proiektuotarako inspirazio iturria bilatu eta lana garatzeko. Aurtengo beka irabazi dutenen artean eskualdeko izen bi daude: Eñaut Aiartzaguena iurretarra eta Usue Egia durangarra. Biek ala biek komikigintzari loturiko proiektu bana garatuko dute. Lehenengoak Ataun (Gipuzkoa) eta Etxarri-Aranatz (Nafarroa) artean egingo du egonaldia; bigarrenak, Legorretan (Gipuzkoa).
Bestalde, Euskal Herriko beste artista bik Durangaldeko herri bitan egingo dituzte egonaldiak. Miren Artetxe bertsolari hendaiarrak literatura lan bat garatuko du Atxondon, eta bertan egingo du egonaldia. Era berean, Aitor eta Izaro Arruti neba-arrebek zinema proiektu bat garatuko dute Elorrion; andoaindarrek aste honetan bisitatu dute Elorrio lehen biderrez, eta euren berbetan, herritarregaz hartu emana gakoa izango da. "Aspalditik paperean dugun ideia ekoizteko gogotsu gaude, eta gidoia guztiz zehaztuta ez dugun arren, estilo surrealistan euskaldunon frustrazioak erakusten duen film laburra sortzea izango da gure helburua".
Hirugarren edizioa
Udalbiltzak hirugarrenez antolatu du Geuretik Sortuak sorkuntza beka. 2021ean hasi zuen egitasmoa, Euskal Herriaren kontakizuna "geuretik kontatzeko beharrari erantzuteko, euskaratik eta euskaraz". Hori dela eta, kultur sortzaile bakoitzari Euskal Herriko udalerri edo eremu geografiko bat esleitzen diote honek han egonaldi bat egin eta proiektua garatu dezan.