Atxondok Artisautza eta Nekazaritza Azoka ospatuko du igandean

Anboto 2024ko aza. 27a, 13:30

Hogeita hamar bat postu egongo dira frontoiaren eta plazaren artean banatuta. Arratsaldean Euskaldungak antzerkiaz gozatzeko aukera dago eskolako gimnasioan.

Datorren abenduaren 1ean, Atxondoko Udalak eta Atxondo Kultura Mahaiak antolatutako Artisautza eta Nekazaritza Azoka ospatuko da Apatan. Azoka 11:00etatik 14:30etara izango da eta 30 postu inguru batuko dira, gehienak artisautzakoak, bertako produktuen eskaintza zabalarekin.

Artisautza postuak frontoian egongo dira, eta nekazaritza arlokoak, berriz, plazan, ogia, gazta eta gozogintza bezalako elikagaiekin. Gainera, udaletxeko arkupean, Atxondoko Talogileen taloak probatzeko aukera egongo da, eta Atxondo Harrera Herriko gazte batek gaztaina erreak eskainiko ditu plazan, udalak ohar batean azaldu duenez.

Jarduerak goiz eta arratsaldez

Azokak adin guztientzako jarduera osagarriak barneratuko ditu. 11:30etik 13:30era, Txatxilipurdi aisialdi taldeak mota guztietako jolasak antolatuko ditu, zaharrak zein garaikideak, haur eta familientzat.

Azkenik, 18:00etan, eskolako gimnasioan Euskaldungak antzezlana taularatuko da. Antzezlanean euskaldun berrien eta euskaldun zaharren artean ohikoak diren egoerak antzeztuko dira, seguruenik ikuslearentzat ezagunak diren egoerak. Ekitaldi hauek egun bi geroago, abenduaren 3an, izango den Euskararen Nazioarteko Egunaren harira antolatutakoak dira.

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!