Sorginen Lasterketa, Urkiola Koparen hasiera

Anboto 2024ko ira. 12a, 13:58

Sorginen Lasterketa ate joka dator. Zapatu honetan 17. aldia egingo du eta nobedade bategaz dator: Urkiola Trail Kopa berriko lehenengo proba izango da.

Eskualdeko hiru mendi lasterketak osatzen dute Urkiola Kopa: Sorginen Lasterketak, Mañaritik Atxetara probak (22 kilometrokoa, irailak 21) eta Aramotz mendi lasterketak (urriak 6). Hirurak Urkiolako Parke Naturaletik pasatzen dira. Hiru lasterketetan bildutako puntuak gehituko dira eta batura osoak emandako emaitzetik lehenengo hiru sailkatuak sarituko dituzte emakumezkoen eta gizonezkoen kategorietan. Kopako sari banaketa Aramotz mendi lasterketaren sari banaketagaz batera egingo dute. Kopako irabazleak 300 euro jasoko ditu, bigarrenak 200 euro eta hirugarrenak 100 euro. 

Sorginen Lasterketako ibilbideari dagokionez, azken edizioetako berari eutsiko diote: 21 kilometro eta 1.700 metroko desnibel positiboa dituen ibilbidea. Korrikalariak 09:00etan irtengo dira, Axpeko plazatik. Zabalandi, Pagozelai, Asuntza eta Artolatik ibiliko dira. 

Faboritoak
Urtero legez, izen ematea bete egin da eta 350 parte hartzaile batuko dira. Faboritoen artean, hainbat izen nabarmendu daiteke. Emakumeetan, Lide Urrestarazu iazko txapelduna berriro irabazten ahaleginduko da. 25 urteko ordiziarrak munduko kopako proba bat irabazi zuen otsailean. Seguruenik, Irati Zubizarreta eta June Villarroel izango ditu aurkari nagusiak. Gizonetan, otxandiar bi daude hautagai nagusien artean: Aitor Ajuria —2021eko irabazlea— eta Markel Urigoitia. Antolatzaileek Irazu Aranburu berriztarraren izena ere aipatu dute. Eurekin batera, Paul Ormaetxea eta Asier Azkarate korrikalariak ere kontuan hartu behar dira. Sorginen Lasterketa hiru bider irabazi duen Gontzal Murgoitio elorriarrak aurten ez du parte hartuko. 

Zuzeneko emankizuna
Antolatzaileek lasterketa zuzenean eskainiko dute Twitch plataformaren bidez. Emankizuna www.anboto.org webgunean ere jarraituko ahalko da 09:00etatik aurrera. Oier Ariznabarreta korrikalariak esatari lanetan errepikatuko du. Durangarrarekin batera Ainara Urrutia korrikalari aretxabaletarra eta Euskal mendi federazioko hautatzailea ere badena. 

Sorginen Lasterketa Etiketa Berdea filosofiari atxikiko zaio aurten ere. 

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!