Ainhize Belar (Atxondo, 2006) eskaladaren gailurrera heldu da. Oraintsu 9a+ graduko Iñi Ameriketan bidea igo du Baltzolan, Diman, eta marka berri bat ezarri du: bide hori kateatzen bigarren emakumea izan da. Belarren aurreko marka 9a mailako igoera bat zen, iazko maiatzean Etxaurin lortutakoa.
Iñi Ameriketan aspalditik buruan zuen bidea zen. Otsailean probatu zuen lehenengoz. Apirilerako "puntu-puntuan" zuen igoera, baina eguraldiak ez zuen lagundu. Maiatzean eta ekainean, saiakera definitiboa egiteko prest zegoela, busti aurkitu zuen bidea. Beraz, uda ostera arte itxaron behar izan du. "Oso pozik" dago lorpenagaz baina oraindik ez du erabat barneratu. "Oraindino ez dut sinesten. Asimilatzen nago", adierazi du.
Aurrera begira arrokan "topera" jarraitzeko asmoa du. Txapelketak baztertu barik, arrokei emango die "lehentasuna". Katalunian mundu mailan ezagunak diren bide batzuk ditu jomugan.
Ainhize Belar 'Iñi Ameriketan' bidean. Argazkia: @hyperaitz
Ainhize Belar 'Iñi Ameriketan' bidean. Argazkia: @hyperaitz