Gu Ta Gutarrak

[BIDEOA]: “Euskal Herriko eskalatzailerik onenek bide hori egin dutela jakitea motibazio gehigarri bat izan da”

Jone Guenetxea / Ainhoa Iraola / Ekaitz Herrera 2023ko mai. 26a, 10:26

Eskaladaren munduan gutxi batzuek lortu dutena egin du Ainhize Belar atxondarrak, 17 urtegaz. Etxaurin 9a zailtasuna duen 'Begi puntuan' bidea kateatu berri du. Belar Sputnik taldean entrenatzen dabil.

17 urtegaz 9a zailtasuneko bidea egin duzu. Gainera, bide hori egiten duen lehenengo emakumea zara. Zein sentsazio duzu?
Oso pozik nago. Prozesu luzea izan da, baina gero, helburua lortzen duzunean, poztasun handia ematen du.

Zergaitik aukeratu zenuen bide hori? Zergaitik erabaki zenuen 8c-tik 9a-ra salto egitea?
Etxetik gertu ez zegoen motibatzen ninduen 8c+ bat ere. Bide hau beti izan dut buruan, bideoak ikusi ditudalako. Bestalde, nire entrenatzaileek asko animatu ninduten. Ondo doakidan bidea izan zitekeela esan zidaten. Horregaitik erabaki nuen ahalegina egitea.

Zelan prestatu duzu?
Ez da erraza izan. Berotzen hasi zen eta goizeko seietan jaiki behar izan nuen ekinaldi bat egiteko, oso goiz, tenperatura ona egoteko. Entrenamenduak ere horretara bideratuta egon dira eta oso zetratuta egon naiz.

Zein zailtasun aurkitu duzu 'Begi puntuan' kateatzerakoan?
Kizkurrak, helduleku txikiak eta erresistentzia batez ere.

Lan hori guztia egin eta gero, bidea kateatu zenuenean zer sentitu zenuen?
Izugarri emozionatu nintzen. Familia guztia emozionatu zen. Oso polita izan zen.

Aurretik, izen handiko eskalatzaileek egin duten bidea da. Patxi Usobiagak edo Iker Pouk, esate baterako. Horrek motibatu egiten zaitu?
Euskal Herriko eskalatzailerik onenek bide hori egin dutela jakitea motibazio gehigarri bat izan da. Zerrenda horretan sartzea handia da.

14 urtegaz 8c bat egin zenuen, 17gaz 9a. Gainera, estatuan 9a bat egindako emakumeen zerrendan ere sartu zara.
Hasieran, pozarren nengoen lorturikoagaz, baina ez nintzen horretaz kontziente, ezin nuen sinistu egindakoa. Gero konturatzen zara egindakoak duen dimetsioaz.

Zure ibilbidean 8c inflexio puntu bat izan da. Etxaurin egindako lorpena beste bat dela sentitzen duzu?
Baietz esango nuke; nabarmenduko nukeen momentu bat izan da. Hala ere, gehiago egotea espero dut.

Zeintzuk dira zure hurrengo erronkak?
Beste zeozer egitea pentsatu beharko dut, baina oraindino ez daukat oso argi zer. Udan beste leku batzuetara joango naiz eta ikusiko dugu zein izango den hurrengo erronka.

Uda luzea duzu aurretik. Zeintzuk dira zure planak?
Arrokan eskalatu gura dut, eta uda ostean datozen txapelketetarako ere prestatu behar naiz.

Txapelketetan ere aritzen zara. Zein helburu duzu?
Txapelketetan parte hartzeak asko betetzen nau. Momentu honetan ezingo nintzateke txapelketarik barik egon. Hala ere, arrokan eskalatzea da gehien gustatzen zaidana, eta horretan zentratuta nago.

Pedro Berguagaz eta Ekhiotz Alsasuagaz entrenatzen zara. Zelako entrenamenduak egiten dituzue?
Sputnik taldean entrenatzaile bi, psikologo bat, fisioterapeuta bat eta nutrizionista bat ditugu. Asko laguntzen digute gure errendimendua hobetzen.

Sputnik taldean sartuta, igarri duzu aurrerapausorik entrenamenduei dagokienez?
Bai, bestela nire kontura entrenatu beharko nuke. Sputniken egonda, zehaztasun gehiagogaz entrenatzen zara. Detaile gehiagotan zentratzeko aukera ematen du. Esate baterako, alde psikologikoa ere oso garrantzitsua da. Horrek guzti horrek lagundu egiten du eta igarri egiten da.

Zelakoak izaten dira entrenamendu horiek?
Entrenamenduak Internetez bidaltzen dizkigute. Gero, taldean hilean behin batzen gara.

Hemendik bost urtera, non ikusten duzu zeure burua eskaladaren munduan?
Eskaladatik bizitzea gustatuko litzaidake, baina badakit oso gatxa dela; beraz, B plan bat izan behar da.

Arrokan, esate baterako, zein helburu duzu etorkizunera begira?
Bidaiatzea eta motibatzen nauten eskalada bide ikonikoak egitea gustatuko litzaidake.

Orain arte arrokan eskalatutakoen arten, zein da zure lekurik kutunena?
Valdegovia, bertan egin ditudalako nire lehenengo 8a, 8b eta 8c bistaz.

Aitagaz hasi zinen zaletzen.
Bai, aitak betidanik eskalatu du. Arrokan eskalatzera joaten ginen, 8 urtegaz edo. Gero Elorrioko ikastolako rokodromoan hasi nintzen. Handik herrikora pasatu nintzen, eta aitagaz eskalatzera irteten nuen.

 

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!