Patatak zuritzeko txapelketa egingo dute Atxondoko Santixau jaietan

Ekaitz Herrera 2024ko uzt. 18a, 11:27

Ez paella, ez marmitakoa, ez sukalkia. Santixako bizilagunek honako txapelketa hau antolatu dute jaietarako: patatak hobeto nork zuritu.

Patatak zuritze horrek badu bere teknika. Azala fin-fin kentzea komeni da; patatak, ahal dela, garbi-garbi geratu behar du; eta ale asko zuritzeko, beti komeni da bizkortasun apur bat izatea. Esaniko hau guztia ez da berria. Are eta gutxiago Atxondoko Santixa auzoan, bertan, bederatzi bat urte daramatzate-eta patatak zuritzeko txapelketa antolatzen. Aurtengo jaietan norgehiagokaren edizio berri bat egingo dute. Uztailaren 26an izango da, arratsaldeko 19:00etan. "Jai batzordeko kideak arduratzen gara lehiakideei patatak eta eurak zuritu ahal izateko tresnak banatzeaz. Hiru kiloko patata zaku bana ematen zaio bakoitzari. Zeinek ondoen eta arinen zuritu, horixe izaten da txapelketa", azaldu dute jai batzordeko kideek. Sari bat egongo da jokoan: bi lagunentzako bazkaria Etxoste jatetxean.

Labanik ez dute banatzen, azala kentzeko prestatuta dauden tresnak baino. "Txapelketa apur bat arriskutsua ere izan daiteke. Arin batean ibiltzen zarenez, azkazal puntak hor joaten dira batuzetan! Gero, zuritutako patatak alferrik galdu ez daitezen, tortillak egiten ditugu. Gainera, zuritu barik geratzen diren patatak jaietako otzaran ipintzen ditugu, onuradunak etxera eraman ditzan", azaldu dute antolatzaileek. Behin lan horiek amaituta afari musikatua egingo dute elkarrekin. Tortillarik onenak sari berezia jasoko du. 

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!