Sorginen Lasterketa

"Mendi lasterketetan banabil, Sorginen Lasterketari eskerrak da”

Joseba Derteano 2022ko ira. 9a, 09:30
Asser Alonso

Hamabost urtez Sorginen Lasterketa hasi eta amaitu du Asser Alonso atxondarrak. Baina, aurten, lesio baten eraginez, ezingo du lehiatu. Ondo gogoratzen ditu bere herrian antolaturiko lasterketan parte harturiko aldiak. 

Sorginen Lasterketako edizio guztietan parte hartu duzu, baina aurtengoan kale egin beharko duzu.
Klabikula apurtu nuen San Inazio egunean, bizikletan nenbilela. Pentsatzen nuen Sorginen Lasterketarako helduko nintzela, baina traumatologoak esan dit irailaren 23ra arte sorbalda babestekoa ipinita eraman behar dudala. 

Pena itzela izango duzu.
Pena handia hartu dut, bai. Etxeko lasterketa da eta orain arteko edizio guztietan parte hartu dut. Gainera, aurten Euskadiko Txapelketa da eta maila handia egongo da. 

Gogo handia izango zenuen proba egiteko.
Bai, baina, hala ere, ez nintzen sasoiko helduko. Apirilean besaburua atera zitzaidan eta uztail erdira arte geldirik egon naiz. Baina banuen ilusioa parte hartzeko. 

Aurten ikusle lez joango zara lasterketara?
Antolakuntzan laguntzen ibiliko naiz. Taldekoekin Asuntza aldean hornidura puntuan-edo egongo naiz. 

Hurrengo edizioetan parte hartu beharko duzu. 
Jakina, eta datorren urtean inoiz baino indartsuago, seguru. Belaunek aguantatzen duten bitartean hementxe egongo naiz. 

Sorginen Lasterketaren batean jausi egin zinen, baina heldu zinen helmugara.
Orain dela lau urte, Asuntzatik beherantza, Guenzelain, oso bizkor joanda estropezu egin nuen Artolarako bidegurutzean, eta kolpe handia hartu nuen. Jakinda semeagaz helmugaratuko nintzela, derrigorrez heldu behar nuen, astiro bazen ere. Laugarren edo bosgarren nindoan, Axier Alonsogaz batera, baina horrelakoak ere pasatzen dira. Ediziorik gogorrena izan zen urte horretakoa. 

Zein izan da zure denborarik onena?
Orain dela urte bi egin nuen denborarik onena. Geroago eta maila handiagoa da, eta gatxa da aurrean ibiltzea. Gazteak gogor datoz.  

Gogoratzen duzu lehenengo edizioa?
Bai, lasterketa herrikoia izan zen. Asfaltoko zapatilla batzuekin egin nuen. Begira zelako trail kultura nuen! (barrez). Aste bat mugitu ezinik pasatu nuen. Eta hortxe hasi zen dena. Lasterketetan banabil, Sorginen Lasterketari eskerrak da. Sorginen Lasterketak bere gorabeherak izan ditu, baina oraingo ibilbideagaz, Anboto sartuta, oso lasterketa polita da. Denetik dauka.

Zein izan da unerik hunkigarriena?
Orain sei urte, lasterketa baino egun bi lehenago, izeko hil zen. Bere semea, nire lehengusua, lasterketa prestatzen ibili zen. Parte ez hartzea pentsatu nuen. Lehengusuak esan zidan bere amaren omenez egin gura zuela, eta beragaz batera egin nuen lasterketa. Gehien disfrutatu dudan lasterketa izan da. Lehengusua beste erritmo batean zihoan, astiroago, baina ni beragaz. Normalean, paisaiari begiratzeko astirik ere ez dut izaten, baina aldi hartan bai. Elkarregaz sartu ginen helmugan. Izeko lasterketaren bueltan ibiltzen zen beti, eta polita izan zen omenaldi hori egitea. 

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!