“Euskal Herrian erreferente izan gura nuke, horixe da gure erronka "

Aitziber Basauri 2022ko mai. 15a, 10:30

Jon Iñaki Yurrebasok Basque Culinary Centerren (BCC) ikasi zuen eta Kudeaketa eta Enpresa sorkuntzan espezializatu zen. Elorrion bizi den getxoztarrak Alvaro Garrido eta Torres Anaiak Michelin izarrekin egin zituen praktikak, eta Londresen ere lan egin du. Gradu amaierako lanerako, sukaldaritza eskolak eman zituen Gurutze Gorrian, gizarte-bazterkerian zeudenentzat.

Zelan hartu duzu BCC-ren aitortza?
Bertan ikasi nuen eta halako aitortza batengaitik bueltatzea pozgarria da. Ondo ari naizen seinale izango da. Gainera, gastronomiaren arloan hainbat sektoretan ekitea kontuan hartu du. Zerrenda horrek hiru proiektu ekintzaile batu ditu Durangaldean: Bizio sagardoarena,  Panarra okindegiarena eta Mendi Goikoa Bekoarena.

Zelan sartu zinen abentura honetan?
Nazioarteko Hotel zuzendaritzari buruzko masterra egin ondoren, Dani Garciaren jatetxean lan egin nuen, Marbellan (Andaluzian), catering arloan, eta hiru lagunen artean Mendi Goikoa Bekoa hartzeko aukera sortu zen. Baina pandemia etorri zen. Azkenean, neuk hartu nuen. Familiaren babesa ezinbestekoa izan dut eta oraindino egunero sentitzen dut halako bertigoa.

Urtebete egin duzu, urte gogorra.
Bai, urte gatxa izan da. Jendea etxetik irten berri zela hasi ginen, hainbat neurri betetzeko, aldaketak... baina izan ditugu bezeroak. Jendeak bazekien zabaltzekoak ginela eta gogoz hartu zuten. Gainera, herriagaz hartu-eman beroa izatea dugu helburu. Bertako kuadrilla bat egunero dator meriendatzera. Elkartean batu ezin zirelako hasi ziren etortzen, eta gero jarraitu egin dute. Hori oso garrantzitsua da guretzat.

Zein da zuen eskaintza gastronomikoa?
Parrillan kozinatzeko joera geroago eta handiagoa da eta bide horretan ekin gura diogu guk ere, baina gertuko produktuak eta sasoikoak eskaintzea da gure helburua. Horretarako, ezinbestekoa da bezeroa heztea. Zero kilometroa oso modan egon da eta ematen du dena sartzen dela hor, baina ez da horrela. Egunero ortuan, itsasoan, lantokian... dagoen gertuko produktore eta langilea da garrantzitsua niretzat, eta horri eman gura diogu lekua, haien produktua eskainita eta produktuaren jatorria zein den jakinda. Euskal kultura eta gastronomia lehenengo lerroan ipintzeko, horrela egin behar da.

Zein duzu etorkizunerako erronka?
Euskal Herrian jatetxea erreferente bihurtzea gura nuke. Jendeak ondo jatea eta gustura joatea etxera.

Isiltasunak lo egiten ei du zuenean.
Bai, hala da. Atea edo leihoa zabaldu eta ingurua ikustea baino ez dago. Badugu bikote bat hiru bat bider etorri dena, deskonektatzera. 

Zein plater duzu zuk gustukoen?
Amaren entsaladilla errusiarra, asko ikasi dut berarengandik. Familian beti izan dugu ondo jateko ohitura.

Mendi Goikoa Bekoan herri kirolen sariketa bat antolatu zenuten iaz. 
Bai, eta bide horretan jarraitu gura dugu. Askotariko ekitaldiak antolatu gura ditugu: yoga klasea gosari bategaz, bertoko ekoizleekin elkarlanean dastatzeak, show-cooking-a...

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!