“World Tour mailako lasterketa bateko zuzendari izatea ametsa da niretzat”

Joseba Derteano 2022ko mai. 13a, 13:00

Alaitz Biritxinagak zainetan du txirrindularitza. Azken mende laurdena epaile lanetan egin du, baina heldu zaio “amets” lez bizi duena: Itzulia Women lasterketako zuzendaria izango da. Gaurtik hasi eta domekara arte, hiru etapa jokatuko dira; tartean, Mallabian hasi eta amaituko dena bihar. 

Zelan doaz lasterketa aurreko egunak?
Urduritasun hori dut, ea zer gertatuko den. Tira, urduritasuna baino gehiago, ezjakintasun puntu horrek sorrarazten didan zera hori dut. Izan ere, inoiz ere egin ez dudan lan bat egin behar dut. Gainerakoan, ondo nago.

Zelan jaso zenuen Itzuliko zuzendari izateko eskaintza? Zelan gauzatu da guztia?
Julian Erasok [gizonezko Itzuliaren zuzendaria] deitu zidan egun batean, txarto oroitzen ez badut gizonezkoen Itzulia hasi baino astebete edo egun batzuk lehenago. Lasterketa hartan ere lan egin nuenez, deia ikusi nuenean pentsatzen nuen lasterketaren inguruan zerbait aipatzeko besterik ez zela izango. Eta berba egiten hasi eta "konpromisotxo bat dut zuretzat" esan zidan. Berritasunen bat-edo izango zelakoan, sorpresa eman zidan: “Emakumezkoen lasterketako zuzendaria izango zara”. Guztiz harrituta geratu nintzen. 

Zuretzat ezusteko pozgarria izango zen.
Horrela izan zen, bai. Momentuan pentsatu nuen gauza bakarra World Tour izan zen [maila gorenari horrela deitzen zaio]. 26 urtean mundu honetan lanean ibili ostean, World Tour mailako lasterketa bateko zuzendaria izatea ametsa da niretzat… Sinestezina. Nork esango zion ezetz eskaintza horri?

Zeintzuk dira, orain arte behintzat, zuzendari izateak ekarri dizun alde ona eta alde txarra?
Alde ona jendeak zoriondu izana. Hor konturatzen zara jendeak baloratu egiten zaituela. Eta txarra, ez du txarrik… oraindino (barrez).

Lasterketetako epaile lanetan zabiltza, 26 urtez.
Hori da. Itzulian ez, Itzulian epaileak bideratzen, akreditazioak kudeatzen eta, zelanbait, haien zuzendari lanak egiten aritu naiz.

Itzuliko lehenengo emakume zuzendaria izango zara. Zer suposatzen du horrek zuretzat?
Mordoa suposatzen du, bulegoko lanean zein errepidean emakume asko gaude lanean. Eta nahiz eta oraindino aurrerapausoak egitea falta den, orain dela 26 urte okerrago geunden. Sari hau niganako estimuagaitik eman didatela sentitzen dut.

Emakumeak protagonismoa hartzen ari diren sentsazioa duzu? Antolakuntzan zein errepidean.
Jokoan dagoen gizonezkoen Giroan, esaterako, emakume bat dago zuzendari, Rosella Bonfanti. Deigarria da World Tour mailako Itzulian ere emakume bat izatea zuzendari. Egia esan, urte osoko lanetan geroago eta emakume gehiago dabil. Baina, gutxi ez garen arren, errepidean gehiago behar ditugu.

Lasterketari begira, zelako lasterketa itxaroten duzue?
Donostiako etapa oso gogorra izango da. Iaz etapako ibilbidea ikustera joan ginen eta oso ibilbide zaila dela ikusi genuen. Goi mailako lasterketa izango dugu gure errepideetan, eta goi mailako txirrindulariek parte hartuko dute.

Mallabiko etapara etorrita, pizgarri nabarmen bat du: Karabieta.
Bai, lasterketa lehenago apurtzen ez bada. Muniketa, Bizkaiko Begiratokia… igoeratxo asko dago bidean.

Amaiera ere ez da makala.
Ez gero. Ez da mutilen lasterketa amaitu zen leku berean amaituko, beherago baino. Ea eguraldiak laguntzen duen.

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!