[ARGAZKI GALERIA] Lainoak Anbotoko begiak estali zituen

Anboto 2022ko mar. 7a, 13:36

Atzo, Arrazolako San Roke ermitara batu zirenak fenomenoa ikusteko gogoz geratu ziren.

Urteko egun jakin batzuetan eguzkiak Arrazolako San Roke ermita argiztatzen du Anbotoko begietatik zehar. Atzo zen egun horietako bat. Gerediaga elkarteak fenomenoa balorean jarri eta ezagutara emateko ekimenak antolatu zituen. Eguerdian fenomenoa ikertu eta Astola aldizkarian argitaratu duen Jorge Hernandez astronomoak hitzaldia eskaini zuen Arrazolako elizan. Ikusmina eragin zuen eta eliza lepo bete zen.

Arratsaldean, berriz, San Roke ermitan bertan egin zuten deialdia fenomenoa bertatik bertara ikusteko. Mundu guztiak zekien ezingo zela ezer ikusi zerua erabat lainotuta zegoelako, baina hala ere, 40-50 lagun bertaratu ziren. Fenomeno bitxi horri ohore egiteko modua izan zen. Hernandezek azalpen gehiago eman zituen eta bertaratu zirenek gertaera begiak babestuz jarraitzeko gailu bereziak probatu ahal izan zituzten.

Urteko garai bitan ikusi daiteke fenomeno hau: martxoan eta urrian. Martxoaren 6an, atzo, Azkilarreko begitik sartuko ziren eguzki izpiak; martxoaren 11n, bariku honetan, 16:42an, fenomenoa errepikatu egingo da, baina kasu honetan Anbotoko Bentanetan begitik. Euskalmeteko eguraldi iragarpenak dio lainoak, euria eta eguzkia tartekatuko direla egun horretan.

Urriko datak honako hauek dira. Urriaren 1ean eta 2an, 17:22an, Bentanetan begitik sartuko da eguzkia eta urriaren 6an eta 7an, 17:18an, Azkilar begitik.

Kasu guztietan betaurreko edo gailu berezi batzuk behar dira fenomenoa jarraitu ahal izateko, eguzkiari ezin zaiolako zuzenean begiratu.

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!