Eguzkiak Anbotoko begiak zeharkatzen dituen momentua ikusteko aukera

Anboto 2022ko ots. 16a, 11:52

Gerediaga elkarteak fenomeno astronomikoari buruzko hitzaldia eta behaketa antolatu ditu, martxoaren 6rako. Jorge Hernandez ikerlariak emango ditu fenomeno horren inguruko azalpenak, eta arratsaldean, eguzkiak Azkilar begia zeharkatzen ikusteko aukera egongo da, eguraldiak laguntzen badu.

Urtean birritan zeharkatzen ditu eguzkiak Anbotoren begiak (Bentanetan eta Azkilar) eta Arrazolako San Roke ermita argitzen du. Arrazolan gertatzen den fenomeno horri buruz Jorge Hernandezek egindako ikerketa lana argitaratu zen Astola astekarian. Astronomo eta EHUko ikerlariak berak emango du hitzaldia Arrazolako elizan, 13:00ean. Ondoren, 16:00etan, eta eguraldiak laguntzen badu, 2022ko lehenengo behaketa egingo dute: eguzkiak Azkilar begia zeharkatzen ikusteko aukera egongo da San Roke ermitan.

Izena ematea doakoa da. Baina, gura dutenek betaurrekoak eta Astola urtekariaren ale bat eskuratzeko aukera izango dute 5 eurotan. Horretarako gerediaga@gerediaga.eus helbide elektronikora idatzi daiteke edota 94 681 80 66 telefono zenbakira deitu.

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!