'Maisu-maistren plaza' sortu dute Atxondon, AHTaren kontrako ekimen sinboliko batean

Anboto 2021ko ots. 27a, 17:02

Laster urtebete beteko da AHTa egiteko maisu-maistren etxea lez ezagutzen zen eraikina eraitsi zutenetik. Gaur, herritar talde bat bertara joan da eta eraikina zegoen tokia 'Maisu-maistren plaza' bihurtu du, "herriarenak diren plazak herriarentzat" gura dituztela aldarrikatzeko. Ekimeneko sustatzaileek azaldu dute ertzainak bertaratu direla "bertan zeuden hainbat lagun identifikatuz eta giroa erabat zapuztuz".

Apatako plazan 'Nundik nora' izeneko dinamika gauzatuz hasi dute eguna. Ondoren, "adin guztietako herritarrak", maisu-maistren eraikina zegoen tokira joan dira auzolanean plaza berria sortzera, AHTaren kontrako ekimen sinboliko batean. Izan ere, AHTa egiteko eraitsi zuten eraikina iazko maiatzean.

"Atxondotar guztiok ezagutu eta bertan bizitzako parte txiki bat izan zen Maisu-maistren etxea, herria eraikitzen zuen etxea! Gaur asmo berberarekin, herria eraikitzeko asmoarekin, ilusioz, espazioa berreskuratu dugu. bertan 'Maisu-maistren plaza' eraikiz, harresiak kendu eta gure egin dugu gurea dena. AHTaren alfonbra gorriaren gainean zuhaitzak landatu, bankuak ipini eta guztiontzako elkargunea sortu dugu", adierazi dute Atxondok AHTari Ez mugimenduko kideek ohar batean. 

"Herriarena dena herriarentzat berreskuratzea" izan da helburua. "Maisu-maistren etxeak asko eskaini zion herriari eta herritarrei, norberak izan dituen bakarkako eta taldeko ametsak, ilusioak, irriak, barreak, lagunak... herria bizirik mantentzen laguntzen zuen. Eta plaza honek hori sinbolizatzen du. Horregatik gaurko aldarria: Herriarena herriarentzat".

Ertzainak bertaratu dira ekimena burutzen ari ziren bitartean, eta han zeuden hainbat lagun "identifikatu" dituzte giroa "erabat zapuztuz, haurrak beldurtuz eta bildutako guztion ezinulertua sortuz", ekimeneko sustzaileen esanetan.

"Munstroa geratu dezakegu"

Atxondok AHTari Ez mugimenduko kideek uste dute AHTko lanak geratu daitezkeela eta ez dutela etsiko adierazi dute. "Munstroa gelditu dezakegu: poiektu honen adar konplexuenak eta garestienak egiteke daude oraindik: Atxondo erdibitzea nahi duten bezalako biadukto erraldoiak, hiribiruetarako sarrera eta geralekuak, hiru adarren lotuneak, obraren gainegitura guztia eta abar".


'Nundik nora' dinamikako irudia, Apatako plazan:

 

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!