Atxondoko Udalak haur-parkeak eta kirolguneak ireki ditu gaur

Anboto 2020ko eka. 19a, 18:03

Osasun-krisialdia hasi zenetik, aisialdirako espazioak zigilatuta egon dira.

Atzo gauerditik normaltasun berriko araudia dago indarrean. Besteak beste, umeen parkeak eta kirolguneak berriro irekitzeko aukera zabaltzen du. Ildo horretatik, Atxondoko Udalak haur-parkeak eta kirol-guneak berriro ireki ditu gaur bertan, hala nola Apatako pilotalekua, ohar batean informatu duenez.

Horrela, herriko kolunpioak eta txirristak berriro erabili daitezke, baina erabilerari, edukierari eta distantziei dagokienez jarri dituen abisuak errespetatzea eskatu dute. “Txintxaunen kasuan, haur bakoitzeko lau metro karratuko segurtasun-tartea gorde beharko da", azaldu du Xabier Azkarate alkateak, udaleko ohar batean.

Axpeko eta Apatako frontoien kasuan, eraikuntzak aldagelak dituzte, eta udal arduradunek jakinarazi dutenez, egoera horretan ezarritako segurtasun- eta osasun-neurriak errespetatuz erabili ahal izango da, baina, badaezpada, ezingo dira instalazioetako dutxak erabili. "Gure kasuan oso zaila da garbiketa jarraitu batzuk eta bestelako eskakizunak betetzea, eta horregatik nahiago dugu oraingoz itxita egotea", aitortu du alkateak.

Igerilekuei buruz

Herriko igerilekuei buruz, datorren astean zehar informazioa ematea espero dute. "Lizitazio aldi bat ireki dugu, egungo egoera honetan zerbitzuaren kudeaketari dagokionez segurtasun bermeak eman ahal izateko. Astelehenean amaituko da eta laster informazio gehiago eman ahal izango dugu. Aurreratu ahal duguna aurtengo denboraldiko abonamenduak % 50eko deskontua izango duela herrian erroldatuta dauden pertsonentzat", esan du Azkaratek.

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!