Bihartik aurrera baimenduta dago umeen parkeak irekitzea

Anboto 2020ko eka. 18a, 14:24

Gaur gauerdian indarrean sartuko den normaltasun berriko ondorioetako bat da.

Iñigo Urkullu Lehendakariak gaur sinatu duen dekretu baten bidez, bertan behera utzi dira alarma-egoeraren testuinguruan hartutako neurriak. Ondorioz, 2020ko ekainaren 19ko 00:00etatik aurrera normaltasun berria hasiko da Euskal Autonomia Erkidegoan. Une horretan sartuko da indarrean prebentzio-, zaintza- eta kontrol- neurriak zehazten dituen Osasun Sailburuaren Agindua.

Egoera berriaren ondorioetako bat da umeen parkeak irekitzea baimenduko dela. Honela zehazten du dekretuak. "Umeen parkeak, kirolerako guneak, skate pistak eta aire libreko antzerako guneak zabalik egon daitezke, beti ere gehienezko edukiera errespetatzen bada". Udalen ardura izango da espazioa antolatzea eta garbitasun zein higiene bermeak eskaintzea. 

Diskoteken kasuan, edukiera osoaren %60an ireki daitezke. Ez da dantzalekurik egongo eta espazio horretan mahaiak jarri daitezke.

Gune estalietako kirol ekintzak edukiera osoaren %60an egin daitezke. Pertsonen artean 1.5 metroko distantzia mantendu beharko da; distantzia mantentzea posible ez bada maskara erabiltzea derrigorrezkoa izango da. Ikusleek eserita egon beharko dute. Antolatzaileek ekintzak egiteko baimena eskatu eta segurtasun protokolo bat aurkeztu behar dute.

Aire libreko kirol ekintzak edukiera osoaren %60an egin daitezke; gehienez, 1.000 pertsona. Pertsonen artean 1.5 metroko distantzia mantendu beharko da; distantzia mantentzea posible ez bada maskara erabiltzea derrigorrezkoa izango da. Ikusleek eserita egon beharko dute. Antolatzaileek ekintzak egiteko baimena eskatu eta segurtasun protokolo bat aurkeztu behar dute. 

 

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!