Atxondoko Udala herriko ostalari eta merkatariekin bildu da

Maialen Zuazubiskar 2020ko mai. 7a, 10:57

Sektoreko egoera aztertu eta ekonomia suspertzeko neurriak hartu asmoz, Xabier Azkarate Atxondoko alkatea, herriko merkatari, ostalari eta autonomoekin batu zen atzo. 

Batzarraren helburua alarma-egoerarengatik beraien jarduera eten behar izan duten herritarrei laguntzea izan zen, hau da, kalte ekonomikoei aurre egiteko laguntza-lerro bat planteatu zitzaien. Udaletik jakitera eman dutenez, arduradunek hainbat neurri proposatu zituzten ekonomia, enplegua eta tokiko kontsumoa sustatzeko. Gainera, ekarpenak egiteko epea irekitzea erabaki zuten. Hori horrela, maiatzaren 15era arte merkatari eta ostalaritzako arduradunek udalak proposatutako neurrien artean erabaki ahal izango dute. 

Hauek dira udalak proposatutako neurriak:
1.  Itzuli beharrik gabeko gehienezko 600 euroko diru-laguntza.
2. Interesik gabeko mikrokredituak ematea. 3.000 euro arteko maileguak izango dira, eta gehienez ere 5 urteko epean itzuli beharko dira.
3. Enplegua sortzen laguntzea, kontratatutako pertsona bakoitzeko 1.000 euroko diru laguntza emanez.
4. Saltokietarako eta ostalaritzarako erosketa-bonuak sortzea (edari alkoholikoak izan ezik).
5. Bizkaia mailan publizitate-kanpaina bat abiaraztea, saltokiak sustatzeko eta balioa emateko.
6.Ostalaritza: terrazen erabilera mugagabea izango da, betiere segurtasun-distantzia gordetzen badute. Kasu honetan, Atxondoko Udalak terrazen erabilera arautzeko proiektu bat aurkeztuko du bide publikoaren erabilerari eta okupazioari buruzko udal-ordenantza
batean oinarrituta, eta 2021era arte luzatuko den tasa salbuespenekin.
7. Obra-lizentziak ordaintzeko epea luzatzea, baldin eta lanak prebentzio eta segurtasun berrira egokitzeko badira.

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!