"Sasoi ilunak datoz Atxondora, AHTko obrak hasteko etorri dira gure herrira"

Anboto 2019ko urr. 7a, 14:27
2015ean AHTaren kontra Atxondon egindako kontzentrazio bateko irudia.

2007 urtetik 2012ra Atxondon Udal Gobernua osatu zuten alkateak eta zinegotziek iritzi gutun bat idatzi dute AHT-ko proiektuaren harira.

Hona hemen bidalitako iritzia:

"AHTa 90. hamarkadan diseinatu zen azpiegitura handi bat da, orain dela ia 30 urte. Gure herrian kezka 2006. urtean hasi zen, lurren desjabetzeak egiteko tramiteak hasi zirenean. Honen aurrean herritar talde batek AHTaren aurkako mugimendua zabaldu zuen Atxondon, eta besteak beste herri galdeketa antolatu zuen 2007ko martxoaren 25ean. 471 pertsonek bozkatu zuten, eta horietatik 468k AHTaren kontra. Inork ere ez zuen aldeko bozkarik eman. Atxondon AHTaren kontrako jarrerak alderdi politikoak gainditzen ditu, herritarren gehiengo zabal baten iritzia da.

2007an Udal Gobernura sartu ginen ANVko kideok, beste gauza batzuekin batera, herritarren mandatu konkretu bat geneukan: AHTa gelditzeko ahalegin guztiak egitea.

Eta hala egin genuen. Legegintzaldi hura amaitu aurretik (2011) hauxe idazten genien herritarrei:

“Orain dala lau urte pasatxo, AHTaren ganean egindako herri galdeketan, argi eta garbi esan genduan Atxondarrok ez dogula abiadura handiko trenik gura. Trenari aurre egiteko asmoagaz aurkeztu ginan hauteskundeetara ere, 2007ko maiatzean, une honetan gobernu taldea osatzen dogun zinegotziak. Gure berba emon genduan eta horregatik emon euskuen euron botoa herritar askok. Holan ba, agindutakoa betez, lau urteotan behin eta barriro egin deutsagu aurre AHTari. Atxondon eta kanpoan, udaletxean eta kalean, abokatuen laguntzagaz eta herritarren indarragaz, hasikeratik helburu garbi bategaz: Trena eraikitzeko lanak ahal danik eta gehien atzeratzea, legeak gure eskura ipinten dituen tresna guztiak erabilita eta herritarrak informatuta eta mobilizazinoetara deituta, horixe delako AHTa gelditzeko bidea.

Emoitzak hor dagoz: lau urteotan makina bakar bat ere ez da sartu gure herrian eta beste inon baino atzeratuago dago hemen trenbidearen proiektua”

Eta orduz geroztik ere lanean jarraitu dugu eskuan izan ditugun tresna guztiekin, eta gure herrian ez da harri bat ere mugitu azken 12 urteetan.

Gaur tristuraz eta amorruz irakurtzen dugu EAJko udal gobernu berriak duen jarrera lotsabakoa. Herria kaltetzea leporatzen digu, trazatu ofizialari alternatiba bat zegoela esanez eta ANV eta EHBilduk okerrenaren alde egin dugula.

Errealitatea, baina, oso bestelakoa da: 2005ean, EAJ alkatetzan zegoela, Eusko Jaurlaritzak alternatiben ikerketa bat ordaindu zuen, MECSA enpresa entzutetsuak egin zuena. Txosten mardul horretan azpimarratzen zen trenak oso kalte larriak eragingo dituela Atxondon eta kalte txikiagoa eragiteko hainbat alternatiba (ez bat bakarrik), proposatzen zituen. Bide batez, esan beharra dago EAJk defendatzen duen trazatu horren inguruan ikerketan hau jasotzen dela: no puede ser considerada para Atxondo una alternativa real al trazado aprobado.

Hala ere, trazatu alternatibo horietako bat ere ez zen legezkoa, Ingurumen Baimenik ez dutelako, beste gauza askoren artean.

Herriak eman zigun mandatua betetzeko, azken 3 legegintzaldietan udaletik adierazi duguna da legea bete behar dela, eta legea betearaziz aritu gara lanean (ingurumen inpaktu txostena sakon aztertu, hau betearazi, Solatxoko zabortegi ilegala gelditu, desjabetzak legearen barruan egin daitezen defendatu, kaltetuei babesa eman,…), hori da 12 urtean Atxondo AHTaren ibilbidean irla bat izatearen arrazoia.

Oraindik ere, Udalak badauka aukera (eta obligazioa), legea eskuetan hartuta, AHTak dituen irregulartasun ugariei heldu eta obrak atzeratzeko. Horretarako borondatea da, baina, egungo udal ordezkariek ez dutena. Ezta hori onartzeko zintzotasuna ere. Horrela gauzak, AHTak Atxondoren etorkizuna arriskuan jartzeak erantzule argiak ditu: AHTaren bultzatzaileak izan direnak eta Udaletxetik bertatik laguntza ematen dietenak.

Gaur egungo alkatea den Xabier Azkaratek AHTaren aurka dagoela azaldu du publikoki, eta beraz, berari zuzentzen gatzaizkio gonbidapen batekin: jarrai dezala orain arte Udalak izan duen ibilbidea. Legea betearazi dezala. Jarrai dezala Udalak orain arte izan dituen teknikarien laguntza horretarako erabiltzen. Ez dezala baimenik eman herrian obra ilegalak egin ditzaten eta ez dezala bestaldera begiratu edo burua ezkutatu.

Jakin badakigu honela AHTa atzeratu egingo dela. Eta beti esan dugu atzeratzea betirako gelditzeko aukerak zabaltzea dela.

Gu prest gaude Atxondok etorkizun duin bat izan dezan lanean jarraitu eta bide honetan lagun izan daitezkeen guztiekin elkarlanean aritzeko. Eta AHTari aurre egiteko eskura ditugun tresna guztiak erabiltzen jarraituko dugu, bai Udaletxean eta baita bestelako erakundeetan.

Animo herritar guztiei, indarrak batuz gehiago gara eta! Ostegunetan plazan elkartuko gara".

Sinatzaileak: David Cobos, Rosa Elizburu, Iñigo Mendibil, Eider Abadiano, Igor Ibazeta, Onintze Oleaga, Uzuri Gallastegi, Mikel Kano, Beñat Amiano, Ane Bernas, Jorge Jauregi, Mertxe Irazabal, Igor Olaetxea eta Josune Irazola (2007tik 2012.ra Atxondoko Udal Gobernu taldeko alkate eta zinegotziak)

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!