Atxondon AHTren obrak hastear direla, polemika piztu da udalbatzarrean

Maialen Zuazubiskar 2019ko urr. 2a, 11:53

Azken egunotan hainbat zurrumurru piztu dira Atxondon AHTren inguruan, eta Xabier Azkarate EAJko zinegotziak baieztatu duenez "AHT badator", nahiz eta oraindik ez dakiten noiz. Ane Intxausti EH Bilduko bozeramaileak alkateari trenaren inguruan zer postura daukan galdetu dio, eta honek nahiz eta bere "gustokoa ez izan" badakiela zer datorren erantzun dio.

"Euskal Herrian zati handi bat eginda dago, beraz ni kontra egon arren Atxondotik pasa egingo da", baieztatu du alkateak. Bestalde, Gorka Garate alkateordeak alderdi moduan trenaren alde daudela adierazi du, nahiz eta Atxondon honek izango duen inpaktuaren kontra egon. "AHTa pasatzeko aukera bi genituen, bata bestea baino txarragoa. Zoritxarrez, aukerarik txarrena daukagu, 2007tik aurrerako gobernu taldeak (Ezker Abertzaleak) hala erabakita. Hau da, orain pasatzen dena baino 400 metro urrunago pasa zitekeen. Baina ez dala horrela izango. Mina eman arren Apata erditik pasako da", esan die Garatek kazetariei udalbatza bukatutakoan. Garatek esandakoa gezurtatu egin dute EH Bildukoek ANBOTOra bidalitako azalpenean. "Gezurra da aukeratzeko ibilbide bi egon zirela. Faltsua da udalak trenaren ibilbidea aukeratzeko gaitasunik izan zuenik. Gure aukera garbia zen eta da, ez egitea. Hala ere, legeak maisuetxe gainetik igarotzen den ibilbidea besterik ez du aurreikusten. Bestea legez kanpokoa zen eta da", jakitera eman dute EH Bildukoek. 

EH Bilduko zinegotziek 13 urtean herritarren borrokari eta udalak jarritako oztopoei esker lanak geldituta egon direla, eta orain arte bezala Atxondon ateak itxiz gero, eta "borroka" eginda geldituta izatea lortu daitekeela esan dute. "Demagogikoa da Atxondo kontra egon delako ez dela orain arte pasatu esatea. Dirurik ez delako egon ez da pasatu", erantzun die Garatek. Bestalde, autobidearen kontra egon zirela eta orain denek erabiltzen dutela esan du alkate ordeak. "Ez dut uste kasualitatea denik EAJk alkatetza lortu eta dena mugitzen hastea. Bestalde,  agian dirurik ez zen egongo baina ez da berdina borroka batean oztopoak jarri eta ateak ixtea edo alfonbra gorria jarri eta ateak zabaltzea", esan du Intxaustik. 

Horrez gain, Igor Olaetxea EH Bilduko zinegotziak kaltetu eta herritarrek udaletxean aholkularitza izango duten galdetu du, eta Garatek baietz erantzun dio.

AHTren kontrako plataforma
Azken asteotan AHTaren inguruan arduratuta hainbat herritar herriko plazan batzen hasi dira, beraien kezkak elkarbanatu eta gaiaren inguruan hitz egiteko asmoz.

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!