Atxondoko Udalak umeentzako parke berri bat eraikitzea proposatu du

Maialen Zuazubiskar 2019ko ira. 23a, 12:19

Herritarren segurtasuna bermatu asmoz beste jolasgune bat eraikitzea proposatu du Atxondoko Udalak.

Atxondoko umeek jolasgune berria izan asmoz, hainbat gurasok Ziarreta auzoaren atzealdean jolasgune bat eraiki zuten. Ekainaz geroztik ez da egon erabilgarri. Udalak jakitera eman duenez, udal arkitektoarekin  analisi sakona egin zuten eta hainbat irregulartasun ikusi dituzten. "Ingeniari aditu batekin ere harremanetan jarri ginen eta instalazioak hutsuneak zituela eta premiazko zela hauei konponbide bat ematea hauteman zuen", azaldu du udalak ohar bidez. Bestalde, ingeniariak bi-hiru urteko epean jokuak guztiz berreraiki beharko zirela adierazi zion udalari. "Asko sentitzen dugu auzolana egin zutenean aurreko udal taldeak proiektua gainbegiratu ez izana, eta erantzukizun ez horrek horrelako ondorioak ekartzea", esan dute oharrean.

Horrez gain, URAk udalari hirigintza araudia betetzen duen proiektu egoki bat aurkezteko eskatu dio. Hori horrela, jolasgune berri baten aurre proiektu bat aurkeztuko diotela URAri jakitera eman du Gorka Garate alkate ordeak. 

Bestalde, Atxondoko Udalak oharrean azaldu du prest daudela kaltetuak sentitu diren taldeekin batera, denen artean beste gune bat topatu, eta umeentzako parke berri bat sortzeko. Eta, datorren urteko aurrekontuetan, aurrekontu parte-hartzaileen atalean, diru kopuru bat parke berri bat sortzeko erabiltzea. 

Erlazionatuak

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!