“Jolasgunea moldatzeko prest gaude, baina ez botatzeko”

Maialen Zuazubiskar 2019ko ira. 20a, 11:00

Atxondoko guraso talde batek auzolanean egindako jolasguneak polemika piztu du herrian. Joan zen astean, Atxondoko alkateak ANBOTOri baieztatu zion "segurtasun neurriak betetzen ez zirenez" jolaslekua bota  egingo zutela. Dena dela,  gobernu taldekoek gurasoen "haserrea" ulertzen dutela diote eta kontua aztertzen dabiltzala. Irtenbide bat aurkitzeko lanean dabiltzala ere jakitera eman dute. Bitartean, ezin daiteke jolasgunea erabili.

Hainbat gurasok egin duzuen jolasgunea itxita dago, eta, beharbada, bota egingo dute. Nola hartu duzue erabakia ?
Naiara Gongeta:
Harrituta gaude. Uda hasieran udalak albiste bat kaleratu zuen gurasooi eskerrak emateko egin genuen lanagatik. Hala ere, euren ardura zela jolasguneak araudia eta segurtasun neurriak betetzea.
Alaine Garitagoitia: Orduan, gobernu taldeagaz batu ginen, eta parkea legeztatzeko eman beharreko pausoak zeintzuk ziren ikusteko gelditu ginen. Bilera horretatik egun bira, udalak ohar bat kaleratu zuen. Segurtasuna bermatzeko egin beharreko aldaketak egingo zituztela zioen oharrak. Hori irakurrita, aldaketak egingo zituztelakoan geunden.

Baina oraingoz ez da aldaketarik egon parkean, eta itxita jarraitzen du.
A.G.:
Abuztuan udaleko arkitektoagaz batu ginen. Hainbat arauhauste zeudela eta jolasgunea bota egin behar zela esan zigun. Txosten hori emateko eskatu genien, arkitektoak planteatzen zituen arazoak zein arauren araberakoak ziren jakiteko. Baina hile eta erdi pasatu da, txostenaren zain jarraitzen dugu eta jolasgunea bota gura ei dute.

Jolasgunea konpondu daitekeela diozue. Zertan oinarritzen zarete?
N.G.:
Profesional batzuekin egon gara eta, eurek diotenez, jolasgunea ez da horrenbeste aldatu behar legearen barruan egoteko. Beraz, aldatu ditzagun aldatu beharrekoak. Jolasgunea moldatzeko prest gaude, baina ez botatzeko.
A.G.: Segurtasuna bermatzea garrantzitsua da, eta prest gaude zerbait kendu behar bada kentzeko.  Zerbaitek araudia betetzen ez badu, edo konpondu ezin bada, kendu egiten da. Gainerli ezin bada, kendu egiten da.

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!