Zer da zuretzat Sorginen lasterketa?
Herriko lasterketa bat, egutegian markatuta daukadan proba. Gainera, azken bost urteetan postu onak egin ditut. Nire esperantza egunen batean podiuma zapaltzea da, beteranoetan beharbada.
Mimo handiz prestatzen duzun lasterketa da?
Mimo handiz, bai. Niretzat txarrena da proba uda ostean izaten dela, baina, hala ere, sasoirik onenean heltzen ahalegintzen naiz. Urte batzuetan hobeto heldu naiz, eta beste batzuetan txarrago, baina neure onena ematen dut beti. Iaz, esaterako, sasoi puntu onean heldu nintzen, indartsu, baina lasterketan jausi egin nintzen. Aurten bero itzela egin du eta Anbotoko igoeran asko igarri nuen. Hala ere, oso pozik nago herrian lortutako emaitzagaz.
Helmuga semeagaz eta lehengusuagaz zeharkatu zenuen.
Oso une polita izan zen. Semea beti izaten dut zain helmugan, noiz helduko naizen ikusteko. Itzelean gustatzen zait beragaz helmuga zeharkatzea, eta bera helmugan dagoela jakiteak aurrera egiteko indarra ematen dit.
Imajinatzen dut urte askoan izango duzula asmoa Sorginen Lasterketan parte hartzeko, ezta?
Korrika egin ahal dudan bitartean, Sorginen Lasterketan parte hartuko dut, nahiz eta azken heldu. Niretzat oso lasterketa berezia da, etxeko lasterketa.
Bestalde, tarte honetatik eskerrak eman gura dizkiot Juan Sampedrori. Juan nire irakaslea izan zen eta asko miresten dut. Egunen batean podiuma zapaltzen badut, berari eskainiko diot.