Zapatuan, 11:00etan, gazteen mendi irteera egingo dute. Arratsaldean, mus txapelketa, kronoigoera eta herri afaria egingo dituzte. 22:30ean, hainbat auzotarren artean antolatutako Ezta Izengo ekitaldi berezia egingo dute. "Azken hiru urteetan, albistegi bat egin izan dugu urtero. Baina iaz konturatu ginen ez zela ondo ikusi eta entzun, eta, beraz, formatua aldatu eta zerbait desberdina egitea pentsatu dugu", adierazi du Irati Armendia Jai Batzordeko kideak. Ekitaldiak hainbat gonbidatu izango dituela eta umoretsua izango dela nabarmendu dute Jai Batzordeko kideek, eta bertaratzeko deia egin diote jendeari. Ekitaldia amaitu eta gero, Luhartz taldearen erromeria izango da.
Bestalde, San Joan bezperarako, umeen antzinako jolas eta tresnen erakusketa antolatu dute. "Antzinako tresnen erakusketa izango da, baina, batez ere, umeen lehenagoko jolas eta tresnak erakutsiko ditugu", esan du Armendiak.