Hauteskundeak

Atxondoko EH Bildu: "Hanka sartzeetatik ikasi eta herritarrengan ilusioa berpizteko lanean jarraituko dugu"

Maialen Zuazubiskar 2019ko mai. 27a, 13:16

EH Bilduk alkatetza galdu du Atxondon. EAJk 434 boto jaso ditu eta EH Bilduk 377. 

 Atxondoko EH Bilduko kideek hauteskundeen balorazioa egin dute, eta lehenik eta behin, eskerrak eman dizkiete beraiengan konfiantza izan duten 377 atxondarrei eta EAJri zorionak eman dizkiote. "EAJk ute guzti hauetan oposizioan gauza handirik egin gabe, azken hilabeteotan jakin izan du abstentziotik, PPtik eta PSE-EEtik etorritako botoak batzen eta bere sasoian galdutako boto batzuk berreskuratzen", adierazi dute EH Bilduko kideek. 

Bestalde, emaitzak aztertu eta autokritika egiteko ordua dela esan dute. "Hanka sartzeetatik ikasi eta herritarrengan ilusioa berpizteko lan egingo dugu", azaldu dute. Horrez gain, oposiziotik udal "garden, partehartzaile, aurrerakoi" eta euskalduna lortzeko lan egiten jarraituko dutela, oposizio "zorrotza" eginaz. "Oposiziotik zaila izan arren, legegintzaldi osoan ahaleginak egingo ditugu azken urteotan kostata aurreztutako diru guztia PNVk xahutu ez dezan, AHTak gure herriko ateak parez-pare zabalik izan ez ditzan, udal zerbitzuetan murrizketarik egon ez dadin, zerga igoerarik egon ez dadin, besteak beste", bukatu dute. 

Erlazionatuak

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!