Aniceto Uribelarrea: "Topaketak egitea eskertzen didatenean, ahalegin denak balio izan duela sentitzen dut"

Anboto 2016ko eka. 17a, 10:30
Aniceto Uribelarrea (Frantzia, 1931)

Aniceto Uribelarreak (Saint Benoit de Carmaux, Frantzia, 1931) 25 urte daramatza bere abizenaren jatorria arakatzen. Uribelarreatarren topaketak ere antolatzen ditu. Lehenengoa Arrazolan egin zuen, orain 20 urte. Ondorengoak Parisen, Argentinan… izan dira. Abuztuaren 13an berriro abizenaren sorterrira itzuliko dira, eta Makatzetan (Arrazola) bazkalduko dute.

Noiz eta zergatik erabaki zenuen Uribelarrea abizenaren jatorria ikertzea?
1991n, orain 25 urte. Aita asturiarra izanda, abizen euskaldun hori nondik zetorkion galdetu nion. Bere aitona, nire birraitona, Euskal Herritik Asturiasera etorri zela zekien, baina asko gehiagorik ez, eta kuriositatea sartu zitzaidan.

Zelan gogoratzen duzu orain 20 urte Arrazolan egondako lehenengo topaketa?
Oso gomuta onak ditut. 246 uribelarreatar batu ginen, eta Makatzeta jatetxean bazkaldu genuen. Asturiarrak, euskaldunak, frantziarrak, argentinarrak… batu ginen.

Uribelarreatarrekin hartuemanetan jarri eta gonbidapena egiten diezunean, zelan erreakzionatzen dute?
Oso pozik hartzen naute. Topaketak egitea eskertzen didatenean, ahalegin denak balio izan duela sentitzen dut. Horrek asebete egiten nau.

Elorrio Hotelean egun bi eman dituzu abuztukoa prestatzen. Zelan joan da?
Oso ondo. Abuztuaren 12a Elorrioko hotel horretan emango dugu. Uribelarreatarrak heldu ahala, elkar ezagutzeko eguna izango da. Bakoitzari bere izen-abizenak eta herrialdea jasotzen dituen txarteltxoa banatuko diogu. Paparrean itsatsita eramateko txartel pertsonalizatuak izango dira. Horrela, lehen begiratuan badakizu uribelarreatar hori nondik datorren. Elkar ezagutzeko unea erraztu egiten dute txartelok. Abuztuaren 13an Makatzeta jatetxean bazkalduko dugu. Nire asmoa topaketa denetako argazkien koadroak han jartzea da. Non eta zelan jarri begira ibili naiz jatetxean, bertako jabeekin. Batzen direnei oroigarri bana ere banatuko diegu. 100 bat lagun batuko gara.

Angel Uribelarrea (Durango)

Uribelarreatarrek Arrazolako Makatzeta jatetxean egindako azken bazkariko gomuta onak ditu Angelek, eta aurten ere gustatuko litzaioke joatea.

Zelan gogoratzen duzu Arrazolako topaketa?
Oso gomuta onak ditut. Polita izan zen. Nire bigarren abizena Uriarte da, eta badakit abizen horretako jende asko dagoena. Aldiz, uste nuen Uribelarrea ez zegoela oso zabalduta. Eta sorpresa handia hartu nuen abizen bereko hainbeste lagun batu ginenean. Ehunka lagun batu ginen. Gainera, mundu osoan zabaldutako abizena dela jakin nuen, Argentinan esaterako, eta hori ere deigarria egin zitzaidan.

Aurten ere joango zara?
Gustatuko litzaidake. Abuztua da eta kanpoan egongo naiz, Laredon. 82 urte ditut eta ez dakit posible izango dudan. Baina ahal baldin badut, polita litzateke.

 

Miren Uribelarrea (Durango)

Orain 20 urte Arrazolan egindako uribelarreatarren lehenengo topaketan parte hartu zuen, eta gertuko abizenkideak ezagutu zituen.

Zelan gogoratzen duzu lehen aldi hura?
Jende asko batu ginen. Ez nuen espero. Durangoko ezagun askok Uribelarrea abizena dutela deskubritu nuen. Hainbat sorpresa eraman nuen: “Zu Uribelarrea zara? Eta zu ere bai?”. Asko urteetan ezagutzen nuen jendea zen, eta ez nekien uribelarreatarrak zirela.

Munduko hainbat txokotako uribelarreatarrak ere batu ziren.
Bai, eta hori ere ez nuen espero. Banekien Argentinan Uribelarrea izeneko herri bat zegoena, baina ez nekien abizena hain zabalduta zegoenik. Gogoan dut Argentinatik orduan 90 urte zituen emakume bat etorri zena. Egia esanda, egun polita igaro genuen.

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!