Arrazolatarrak eta uribelarreatarrak sorlekura bueltan

Anboto 2016ko eka. 17a, 09:25
1996an uribelarreatarrak Atxondon egindako lehen topaketako familia argazkia. 200 lagunetik gora batu ziren.

Arrazola eta Uribelarrea. Abizen bi horiek sorleku bera dute: Atxondoko Arrazola. Handik irten ziren lehenengo arrazolatarrak eta uribelarreatarrak mundu zabalerantz. Ehunka urtean Pirinioak eta atlantiar itsasoa zeharkatu dituzte, eta Europako zein Amerikako eremu askotan ohiko abizenak dira.

Orain, joan zirenen ondorengoak bueltan datoz, asteburu bakarrerako bada ere. Abizen horien jabeek sorlekua ezagutuko dute. Asteburu honetan arrazolatarren topaketa bat dago Oñatin, eta domekan Atxondoko Axpen bazkalduko dute 220 bat lagunek. Abuztuan, aldiz, 100 bat uribelarreatar Arrazolako Makatzeta jatetxean batuko dira.

Jose Mari Arrazolaren, Jose Ramon Arrazolaren eta beste hainbat lagunen elkarlanari esker, arrazolatarrak bigarrenez batuko dira abizenaren aitzakian. Oñatin izango da, gaur eta bihar. Arrazolatar asko daude Oñatin eta, zehazki, Olabarrieta auzoan. Domekan Atxondora etorriko dira. Herria bisitatu ostean, Axpen bazkalduko dute. Ostean, dantza eta musika saioak egongo dira: “Ilusio handiz goaz”, dio Jose Mari Arrazolak.

Atxondora joango direnen  artean Checa herriko (Guadalajara) 50 bat lagun daude. Bertako biztanleen %35ek Arrazola abizena dauka. Herriko abizenik arruntena da. Horregatik, 2014an Checan antolatu zuten arrazolatarren lehenengo topaketa. Orain, “hain ohikoa zaien abizenaren sorlekua ezagutzeko gogoz daude”, dio Arrazolak: “Sorlekuak toki onean utziko gaitu, Arrazola zoragarria baita”.

Proportzioaren ikuspuntutik arrazolatarretan nagusi Checa baldin bada, kantitateari erreparatuz gero Mexikon beste inon baino gehiagotan ageri da abizen hori, askogatik gainera: “Mexikon abizen hau duten 5.000 bat lagun daude, eta Arrazola izeneko herritxo bat ere badago, Oaxaca ondoan. Guatemalan ere izen bereko auzo bat dago”.  Horiek itsasoz haraindiko adibide moduan; Pirinioez bestaldera begiratzen hasita, Belgikaraino jarraitu daiteke arrazolatarren lorratza. XVI. mendean Espainiako Erregearen diruzain lanak egiteko bertaratu, eta hango emakume bategaz ezkondu zen horietako bat: “Arrazola-Oñate abizena daukaten 120  bat lagun bizi dira han. Urtero elkartzeko ohitura daukate. Handik 12 bat lagun etorriko dira topaketara”.

Uribelarreatarrak
Uribelarrea abizena dutenak adituagoak dira topaketen kontuan. Orain 20 urte Arrazolan bertan egin zuten aurrenekoa. Harrezkero, beste zazpi egin dituzte, Frantzian eta Argentinan, besteak beste. Eta laster, berriro sorlekura itzuliko dira: abuztuaren 13an Makatzeta jatetxean bazkalduko dute abizen bera duten 100 bat lagunek.

Aniceto Uribelarrea da topaketa hauek sustatu dituena. 43 urtez Frantziako trenbideetako langile izan zenari bere abizenarekiko kuriositatea sortu zitzaion 1991an, eta, harrezkero, aditua bilakatu da: “1546an Arrazolan jaiotako Juan Uribelarrearen ondorengoak dira munduan sakabanatuta dauden denak”, dio. Gutxienez, 101 gizonezkok eta 167 emakumezkok dute Uribelarrea lehen abizen moduan, Anicetok urteetan osatu ahal izan duen zerrendaren arabera.

Kopuru horretatik 144 Espainiar estatuan daude, eta gainerakoak atzerrian: 67 Argentinan eta 41 Frantzian, esaterako. Amerikako Estatu Batuetan, Mexikon, Venezuelan, Kuban, Ingalaterran eta Holandan ere badaude gutxi batzuk. Argentinan Uribelarrea izeneko herri bat ere badago. 1890ean sortu zuten, Miguel Nemesio de Uribelarreak bere lurren zati bat dohaintzan eman zuenean nekazaritza-kolonia bat sortzeko.

Gainera, Arrazolan bertan abizen berari lotutako hiru baserri ere identifikatu zituen: Juan de Uribelarrearen Ollar Ganecoa, bere seme Juanen Ollar Azpicoa eta bere alaba Mariaren  Makatzeta. Gaur egun jatetxea dagoen baserrian bertan bazkalduko dute 100 bat uribelarreatarrek, abuztuaren 13an.

Gurtubaytarrak
Iaz Gurtubay abizena zutenen topaketa bat ere egin zuten Atxondon. 50 bat lagun batu ziren. Arratia ingurukoak ziren asko, eta Madrilgo, AEBetako eta Ingalaterrako batzuk ere joan ziren topaketara. Gurtubay abizenaren jatorria Altzagabeaskoa eta Altzagoieaskoa baserrietan dago adituen esanetan. Hantxe aurkitu dira, behintzat, abizen horren gaineko erreferentziarik zaharrenak. Handik urrun barik, Gurtubaiganekoa eta Gurtubaibeaskoa baserriak daude.

2014an Guadalajarako Checa herrian arrazolatarrek egindako lehen topaketako irudia.

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!