Jose Mari Arrazola: "Sustraiak ezagutzeagaz jendea harro sentitzen da; gustura hartzen duten informazioa da"

Anboto 2016ko eka. 17a, 09:50
Jose Mari Arrazola (Donostia, 1948)

Oñatin eta bertako Olabarrieta auzoan hainbat arrazolatar daude. Jose Mari Arrazolak (Donostia, 1948) horiek eta mundu zabalekoak batu gura ditu Oñatin asteburuan izango den topaketan. Domekan abizenaren sorterria bisitatuko dute. Arrazola ezagutu eta Axpen bazkalduko dute.

Domeka eguerdia eta arratsaldea Atxondon emango dituzue.
Guztira, 220 bat arrazolatar batuko gara bertan. Lehenengo, herrian osteratxo bat egingo dugu, herria ezagutzeko. Alkateak Axpeko frontoia eskaini digu, bertan balkaltzeko. Bazkalostean musika, dantzak eta zozketak izango dira. Ilusioz joango gara, eta ea dena ondo irteten den.

Aurreko egun bietan Oñatin eta bere inguruetan ibiliko zarete. Zer prestatu duzue?
Zapatu goizean abizenari buruzko hitzaldiak eta abar antolatuko ditugu (www.arrazola.org webgunean aurkitu daiteke egitaraua) unibertsitatean. Arrazola abizenari buruz urteetan zehar batu dugun informazioa jasotzeko aukera egongo da: Nondik datorren, arrazolatar batzuen historia… Ondoren, arratsaldean Oñati herria bisitatzeko asmoa dugu, eta domeka goizean, Arrazolara bazkaltzera joan aurretik, Olabarrieta auzotik zehar ibiliko gara arrazolatar asko daudelako inguru hartan.

220 lagun batuko direla diozu. Jatorri askotakoak?
Bai, bai. Azken batean, arrazolatar gutxien Euskal Herrian bertan dago. Arrazolatarren %5 baino ez da bizi Euskal Herrian, gutxi gorabehera. Arrazolan bertan ez dut uste abizen horretako asko bizi direnik. Mexikon, esaterako, 5.000 bat lagunek dute abizen hori. Guadalajarako Checa herrian, berriz, %35ek du abizen hori. Abizenik ohikoena da.

Eta munduko arrazolatarrekin hartuemanetan jartzen zaretenean, zer harrera jasotzen duzue?
Oro har, hemengoak zein atzerrikoak, denak oso harro sentitzen dira beren sustraiak ezagututa. Gustura hartzen duten informazioa da, eta esker oneko agertzen dira.

Juan Carlos Arrazola (Elorrio)

Orain urte bi Checa herrian egindako lehenengo topaketara ezin izan zen joan, baina aurtengoan ez du hutsik egingo.

Aurrekoan ezin izan zinen  arrazolatarren topaketara joan arrazolatarren bazkari bategatik.
Bai, Guadalajarako Checa herriko Abelino Arrazola gugaz hartuemanetan jarri zen gonbidapena egiteko. Baina egun horretan ezin izan ginen joan  familiako arrazolatarren bazkaria geneukalako Astein. Gure aitonak handik ingurutik datoz, Ibarruritik.

Oraingoan joango zara.
Bai, joango naiz. Bertan da, eta gainera, gure arrazolatarren bazkaria ekainetik urrira aldatu genuen iaz. Horrela, ba, aurten ez dut beste konpromisorik, eta joan naiteke. Badut kuriositatea. Esaterako, Abelino ezagutu gura dut, eta batzen diren beste arrazolatarrak ere bai.

 

Belen Arrazola (Durango)

Arrazolatarren genealogia beti interesatu izan zaio eta, besteak beste, horri buruz gehiago jakiteko baliatuko du topaketa.

Zure lehen topaketa da?
Bai. Orain urte bi jakin nuen Checan batuko zirena, baina urrun samar dagoenez ez ginen joan. Baina hurrengoa Oñatin egingo zutela aurreratu zuten orduan. Oraintsu ekimeneko antolatzaileetako bat entzun nuen irratian, eta izena ematea erabaki nuen.

Zer espero duzu topeketatik?
Arrazola abizenaren ikerketa genealogikoaren azalpenak entzun gura ditut. Abizenaren ibilbidea eta zelan zabaldu den hainbeste. Gure abizenaren genealogia beti interesatu izan zait, eta nirearen lau-bost belaunaldi ezagutzen ditut. Arrazolako bazkarian ere parte hartuko dut, eta toki askotako arrazolatarrak ezagutzeko aukera ere polita iruditzen zait.

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!